Ariane KAMIO
DONOSTIA
ELKAR FUNDAZIOAREN 2017KO DATUAK

Gurpil gaineko merkatua

Euskal kulturaren kontsumoa maldan behera doan joera baldin bada ere, Elkar Fundazioak iazko fakturazioaren gaineko datuak eman ditu. Esanguratsuak dira zifrak. Etxean lortzen ez dena kanpoan bilatu beharra. Banaketan apustu sendoa egin du eta estatu mailan erreferentzia bihurtu da. Fakturazioaren %60 handik dator.

Hedabideak deitu ditu aste honetan Elkar Fundazioak, ezohiko azalpen bat egiteko. Nekez jakiten da liburu batek zenbateko tirada duen. Alorrean tabua ei da editoreari galdetzea zenbateko salmenta izan duen liburu batek. Zifrak ezkutukoak izanik eraikitzen dira azken denboran hipotesiak. Krisi ekonomikoa, erosle kopuruaren beherakada, aro digitalaren astintzea, kontsumo ohituren aldaketa... Hamaika filosofia eraiki dira datu objektiborik gabeko eremu lausoan. Elkar Fundazioak bere etxeko bonbilla piztu eta atea zabalik utzi du despensa noraino bete duen ikusteko eta erosketa zerrenda agertzeko. Irabaziak eta berrinbertsioak. Hori, bere lan molde nagusia.

Paradoxa baten pean bizi dira egun kultur ekoizpena eta bere merkaturatzea. Inoizko sorkuntza aberatsenaren lekuko da euskal gizartea, baina merkatuak ez du nahi bezala erantzuten. Badago zer erosia, eta kalitatezkoa, baina kontsumitzaileak ez du lehen bezainbeste erosten. Irabazi-marjina, beraz, beherantz doa. Areago liburuen sektorean. Estatu espainolean 85.000 titulu inguru argitaratzen dira urtero, eta Estatu frantsesean, 75.000. Bi erraldoi, eta tartean, gu, nanook. 1.500 izenbururekin, lehia antzua da.

Donostiako Costa Vasca hotelean hitzordua, Elkar Fundazioko lau arduradunek deituta: Jose Mari Sors, Olatz Osa, Joanmari Larrarte eta Mikel Esnal. Ez zuten helburu izan sektorearen argazki bat egitea, etxe barruko sukaldean egosten dena erakustea baizik. Esnalek kendu zuen lapikoaren tapa. Elkarren fakturazioaren %96 liburuetatik dator, %3,6 papertegi produktuetatik eta %0,6 ikus-entzunezko materialetik. Baina aurrekarietara jo zuen lehenengo. «2008-2016 artean sektorearen fakturazioa Estatu mailan heren bat jaitsi zen (%36)». Arrazoien artean, kultur kontsumorako lehiakide berrien agerpena, irakurketa formatu berriak, irakaskuntza modu berriak, ikasliburuen berrerabilera errotzea eta krisi ekonomikoa.

Nola aurre egin? Dimentsioaren erronka izan zuen ahotan. «Euskal Herriko jokalari izatean jokalari txikia ginateke. Egitura handiago eta sendoago bat behar dugu gure espazioa geureganatzeko. Dimentsioa areagotzea ezinbestekoa da talde bezala beti izan dugun autonomia eta gaitasuna izaten jarraitzeko». Banaketan aurkitu du aurrerabidea Elkar Fundazioak. Esnalek eman zituen azalpen gehiago: «Argitaletxe handienek banatzaile propioak dituzte. Guk independentea eskaintzen dugu. Eskaintzen diegu iristen ez diren salmenta puntuetara iristea. Europako ereduan, banaketa independentea bizpahiru enpresen esku dago. Prozesu hori Estatuan abiatuta dago, eta Elkarrek lehia horretan hautu bat egiten du, Estatu mailan izan dadin liderretako bat. Hor merkatu aukera dago. Tamainan irabaz dezagun, gero Euskal Herrian gure aukerekin aurrera jarraitzeko».

Donostiako biltegian inbertsio garrantzitsua egin du, banaketa guztia bertan zentralizatuz. Madrilen eta Bartzelonan bazituen dagoeneko banaketa erreferentziak, baina beste bi enpresa bereganatu ditu azken bi urteetan: 2016an Valentziako Morcillo eta 2017an Madrilgo Dispe. Horrek guztiak Estatu maila banaketaren alorrean erreferentzialtasuna lortzera eraman du. «Lidergo posizioan kokatu gara eta fakturazioan gu gara lehenengoak». Estrategia horren ondorioz, banaketan %95 hazi da Elkar. «112 milioiko fakturazioa ematen digu; 2012an 57 milioitan geunden». Datu esanguratsua benetan, talde osoaren fakturazioaren %60 Euskal Herritik kanpora egiten baitu. Euskal Herrian murritz geratzen den merkatua zabaltzeko aukera aprobetxatu du Estatu mailan, handik lortutako irabaziak, beraien arabera, gero Euskal Herrian inbertitu ahal izateko. 2017ko fakturazio orokorra 120.900.000 eurokoa izan zela zehaztu zuen Esnalek, eta hiru laurdenak banaketatik datoz (%75). Edizioak ematen du %8; liburu dendek, %15; eta beste eskaintzek, %2.

Fisikoaren alde

Aro digitalak gogor astindu du liburu eta diskoen ekoizpen sektorea eta Elkar Fundazioak formatu fisikoaren aldeko apustua egin du. Eten egin du, hortaz, Elkar.eus webgunean irakurketarako gailu propioen salmenta. «Bi jokalari nagusi daude lehia honetan; pirateria eta Amazon. Inbertsio handia eskatzen du teknologikoki eta ez da justifikagarria». Gailu propiorik ez, baina ekoizpena formatu digitalean eskaintzen jarraituko du sareko plataformetan.

Fisikoaren aldeko apustua, eBookez harago doa, ordea. Liburu denden garrantziari jarri zion azpimarra Esnalek. Zerbitzu profesionala, eskaintza ahalik eta zabalena osatzea dute helburu. «Off-lineko komertzioa indartu nahi dugu. Komertzio tradizionalak baditu bere aukerak erosketa esperientzia osoago bat eskaintzeko». Eta zifrak lagun dituzte. «2012-2013 artean merkatua %14 jaitsi zen, baina urtez urte diferentzial bat badago Elkarren alde. 2017an Elkar liburu dendek %3ko hazkundea izan dute».

Elkarrek bere zigilupean dituen dendez gain, liburu denda lagunen formularekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu zuten. «Denda asko gurekin batera ari dira lanean, Elkar frankiziapean, esaterako. Baliabideak eskaini eta autonomia osoz lan egiten dute». Hogei denda inguruk jarraitzen dute kudeaketa eredu hori Euskal Herrian.

Kultur politika berriak

Costa Vasca hotelean batutako lau ordezkariek kultur politika eraginkorrak behar direla nabarmendu zuten. Jose Mari Sors lehendakaria argi mintzatu zen. «Kultur politika sendo eta eraginkorrak behar ditugu. Kultur gizartetik landu behar da hori, baina instituzioekin batera. Denon artean. Euskarari zentralitatea eman behar zaio. Bada garaia denon artean beste pauso bat emateko». Deia instituzioei eta kultur alorrean diharduen orori. Bere iritziz, orain arte diru-laguntzekin lan egin izan da, «eta ondo etorriak izan dira», baina «horiek talde edo pertsona zehatz baten borondatetik datoz. Inbertsioak behar dira. Sektoreari entzun behar zaio. Denon artean identifikatu behar ditugu beharrak eta ikusi zein inbertsio behar diren kulturaren alorrean».

Olatz Osaren aburuz, edukiz bete behar dira azken urteetan egin izan diren aldarrikapenak. «Gauzak egin izan dira, baina saretu gabe, koordinatu gabe, modu atomizatuan. Eta beharrezkoa da saretzea egiten dugunari etekina atera nahi badiogu. Jauzi inportantea eskatzen du horrek (...) Denoi dagokigu aldarrikapen horiei edukiak ematea. Urrats horretan jardun behar dugu. Aldarrikatu dugu asko, identifikatu ditugu gabeziak, baina horiei edukiak jartzea behar da orain. Heldutasunera iritsi gara».

Joanmari Larrarteren irudiko, kulturgintzan askok konpartitzen duten ideia da elkarlanean, instituzioekin batera, kultur politika berriak zehaztu eta abiaraztea, «baina egiten hasi behar da. Zer ezaugarri behar lituzkete kultur politika horiek? Goazen erabakitzera». Eta jarraitu zuen: «Bitartean ez gaude geldirik. Euskal kulturak zailtasunak eta hutsuneak dituen lekuak betetzen saiatzen ari gara». Aipatu zituen adibide batzuk: Argitalpengintza, euskal curriculumaren garapen praktikoa (Ikastolen Elkartearekin batera garatzen ari diren Eki proiektua), hedabideak (Hamaika TB), azpiegiturak (Martin Ugalde Kultur Parkea) eta zinema. Azken horretan bada berritasunik. Ikastolen Elkartearekin, Katxiporreta Kooperatibarekin eta Lotura Films ekoiztetxearekin “Lur eta Amets” animaziozko filma garatzen ari dira. «Haurrentzat historiari lotutako materiala falta da. Liburuak argitaratu genituen eta orain filma egiten ari gara», zehaztu zuen Sorsek.

Elkar Fundazioak bultzatzen dituen beste proiektuen artean, Joseba Jaka beka, sorkuntzari bideratua, eta Proiektuari Elkar Saria, proiektu berrientzat akuilua, aipatu zituen Larrartek.

 

Elkar Fundaziopean, 28 enpresa

«Kultur kate oso bat gara»; Jose Mari Sorsen hitzak. Bost hamarkada dira Elkarrek bere ekina abiatu zuela eta bidean hazten joan da. «SLak eta SAk sortu genituen, beharren arabera, baina argi genuen sortzen ziren etekinak berriz kulturan inbertitu behar zirela. Hori posible zen fundazio batekin». 1996an sortu zen Elkar Fundazioa eta egun 28 enpresa ditu. «Fundazioa da sozietate guztien nagusia. Enpresek dute akziodun bakarra, eta hori da Fundazioa. Fundazioek Ogasunari gutxiago ordaintzen diotela? Bai, baina gure enpresen irabaziak Fundaziora doaz, ez poltsiko pribatuetara».A.K.