Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal musikaren historia bilduko dute Musikenek eta Nevadako unibertsitateak

Orain bi urte abiatu zuten elkarlanaren ildotik, uda ostean «History of the Basque Music», Euskal Herriko musikaren historia biltzen duen liburua argitaratuko dute Musikenek eta Nevadako unibertsitateak. Josu Okiñenaren koordinaziopean, hamar ikertzaile eta adituren testuak jasoko ditu eta, ingelesezko bertsioaren ostean, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa etorriko dira. Ekainaren 28 eta 29an, edukiak aztertzeko sinposio irekia antolatu dute, Musikenen.

“Historia de la música vasca/ Euskal musikaren historia/ History of the Basque Music” izango da Musikenek eta Nevadako unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak (Reno) elkarlanean argitaratuko duten liburuaren izen osoa, «ezinbesteko lana» Josu Okiñena proiektuaren koordinatzailearentzat, «azken 30 urteetan ez baita euskal musika bere osotasunean hartzen duen libururik argitaratu». Kronologikoki sailkatuta, historiaurretik gaur egunera arteko ibilbidea proposatzen du argitalpenak eta aro bakoitzeko aditu bana aritu da testuak ontzen, gehienak Musikeneko irakasleak: Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Jon Bagues, Isabel Diaz, Gotzone Higuera, Patri Goialde, Mark Barnes, Itziar Larrinaga, Mikel Chamizo eta Josu Okiñena bera.

Liburua udararen ostean argitaratuko dute Europan eta Amerikan, ingelesez, eta euskarazko eta gaztelaniazko bertsioa «aurrerago» argitaratuko direla esan zuen Musikeneko zuzendari Miren Iñargak, «finantzaketa lortu eta abar, nola egingo dugun ikusi behar dugu». Online doan eskuratzeko modua ere izango dute (ingelesez) interesatuek, Renoko ikastegiaren liburutegi digitalean.

Sinposioa

Argitaratu aurretik, ekainaren 28an eta 29an sinposioa antolatu dute Musikenen. Liburuaren atalak landu dituzten adituek euren atalaren azalpenak emango dituzte eta ostean 30 minutuko solasaldia izango da, ekarpenak egin eta iritziak biltzeko. Bertan esandakoak aintzat hartuta egingo da testuen azken berrikusketa. Sinposioan parte hartzeko, Musikeneren webgunean eman behar da izena.