Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Denaliko «Slovak direct» bidea emakumezko sokada batek igo du

Hilaren 5ean, Anne Gilbert Chase eta Chantel Astorgak marraren bederatzigarren igoera sinatu zuten Alaskan. 2.700 metroko bide gogorra eskalatu duten lehendabiziko neskak bilakatu dira. Lau eguneko jardueran WI6+, M6 eta 5.9 zailtasunak gainditu zituzten.

Munduan dauden mendi guztietan bezala, Denalin (6.190 m, Alaska) ere mendizale gehienek ohiko bideak aukeratzen dituzte. Ipar Amerikako mendi garaienean bi marra dira bisita gehien jasotzen dituztenak: Mendebal Zutoina eta Cassin Ertza.

“Slovak direct” bideak, berriz, apenas duen igoerarik. Bide horren lehen igoera 1984. urtekoa da, eta egileak hiru alpinista eslovakiar izan ziren: Adam Blazej, Tono Krizo eta Frantisek Korl. Garai haietarako, hirukote horrek goi mailako jarduera egin zuen. Eta hori baiezta dezakegu honako bi ikuspegiak aipatzen baditugu. Lehena, bidearen “nortasun agiria”. Oso luzea da, 2700 metrokoa, arriskutsua (X) eta zailtasun tekniko gogorrak ditu: 5.9, M6 eta WI6+. Alaskako eskaladan 6 gradua du.

Jakina, horrek guztiak “Slovak direct” bidean eragina izan du. Horrekin esan nahi dugu gutxi direla marra hori igotzeko aukerak izan dituztenak. Bai, soilik bederatzi igoera izan ditu. Eta igoeron protagonisten izenak aipatzen baditugu, uste dugu argi eta garbi geratzen dela eslovakiarren bidea ez dela txantxetakoa. Dituen 2.700 metro horiek gainditu dituztenen artean mundu mailan sona handia duten alpinistak daude: Scott Backes, Steve House, Mark Twight, Katsutaka Yokotama, Fumitaka Ichimura, Andy Housman, Nick Bullock, Helias Millerioux...

Eta inolako zalantzarik gabe Anne Gilbert Chase eta Chantel Astorga. Hain zuzen ere, sokada hori izan da bederatzigarren igoerarekin egin dena; azken 34 urteotako azkena. Eta horri, gainera, honakoa gehitu behar diogu: bi estatubatuarrak “Slovak direct” eskalatu duten lehen emakumezkoak bilakatu dira.

Horretarako lau eguneko jarduna behar izan dute. Lehen urratsak hilaren 2an egin zituzten, eta tontorrera hilak 5ean heldu ziren. Bidean bizi izandakoaren inguruan, honakoa adierazi dute bi protagonistok: «Denalitik jaitsi bezain laster, zaila egiten zaigu hausnarketa egoki bat egitea. Baina ausartuko gara esaten marra horrek hustu egin gaituela. Barruan genuen den-dena eskatu digu eta ia une oro geure indar fisiko eta mentalen mugan izan gara. Egindako abentura zirraragarria bezain basatia izan da. Eta horregatik guztiagatik diogu zaila egiten zaigula eskarmentu horri hitz egokienak jartzen. Denali mendi ikaragarria da, eta eskalatu dugun marra oso-oso zaila».

Nahiz eta gurean Chase eta Astorgak izen handirik ez duten, Alaskan eta batez ere Denalin ibiltzen direnek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Hots, jakin badakite haien ibilbideak oso oparoak direla. Biak ala biak mendi gidariak dira, eta makina bat bezero gidatu dituzte Denali mendiko tontorreraino. Astorgaren kasuan, bestalde, mendiaren hego aurpegia ondo baino hobeto ezagutzen du. 2015ean, adibidez, lehendabiziko neska izan zen “Denali Diamond” bidea (5.9, A3/M6, A1 eta WI5+) igotzen. Jewell Lundekin batera eskalatu zuen.

Lau egun

Astorgak adierazi du bi urte geroago Chasekin bat egin eta Denalin elkarrekin bideren bat egitea otu zitzaiela: «Uda zen, eta ‘Infinite Spur’ aukeratzea proposatu nion. Annek beste xede bat nahiago zuen: ‘Slovak direct’. Iazko udaberrian Denalira joan ginen. Girora egokitu ondoren, ohartu ginen ahalegina egiteko baldintza egokirik ez zela. Izan ere, zero azpitik 20 eta 30 gradu arteko tenperaturak jasaten ari ginen. Gainera, haizea izugarri bortitza zen. Ekainaren hasieran, berriz, eguraldia baretu zen eta eslovakiarren bidean sartzea erabaki genuen. Eguraldi leihoa ez zen batere fidagarria, eta ez ginen batere ziur onera ala txarrera egingo zuen. Alabaina, ehunka metro batzuk eskalatu genituen. Baina ia abisatu gabe, eguraldia erabat okertu zen. Haizearen erauntsiak oso bortitzak ziren. Geure buruak babesteko ez genuen leku egokirik aurkitu, eta babesean utzi genuen bibakera itzuli ginen. Han ginela, eguraldia gero eta zakarragoa zen. Eta, azkenean, jaistea erabaki genuen».

Nahiz eta helburua ez zuten lortu, alpinista estatubatuarrek bidearen sekzio batzuk ezagutzeko parada izan zuten. Aurtengo ekinaldian, aldiz, askoz ere zorte handiagoa izan dute eguraldiarekin.

Klima alde izan zuten; paretaren baldintzak, berriz, ez hainbeste: «Eskuarki baino baldintza lehorragoak izan ditugu. Izotzezko luzeetan lan eskerga egin behar izan genuen. Krokisak WI6 zailtasunak aipatzen zituen, baina izotza ustelduta egoteaz gain, haren geruza oso mehea zen. Horrekin esan nahi dugu normalean baino mistoko eskalada gehiago egin genuela».

Bidearen inguruko informazioa ondo baino hobeto ezagutzen zuten. Sekzio gogor guztiak ia buruz ezagutzen zituzten, baina, alabaina, protagonistok onartu dute ezustekoa hartu zutela: «Eslovakiarren marra oso tentea da, gertutik ikusten dena baino askoz ere tenteagoa. Bigarren eguneko eskaladan aurre egin beharreko diedro-sistemari beldur genion. Jakin bagenekien haize pixka batekin sekzio horrek ez duela irtenbiderik. Onartu behar dugu diedro-sistema hori zaila dela oso. Hari ekin aurretik, haizearen indarrarekin arduratuta geunden. Goitik behera zetorren isuriak kezka eragiten zigun. Baina bat-batean haizea baretzen hasi zen eta sekzio hori gainditzea lortu genuen. Arratsaldeko ordu biak zirela, diedro-sistema horretatik irten ginen. Eta aurreko egunean bezala, spindrift edo elur erauntsiei aurre egin behar izan genien. Babesteko, gure denda jartzeko leku bat bilatzen jardun genuen arrokan. Ezinezkoa izan zen. Azkenean, erlaitz bat atondu, lo-zakuetan sartu eta eseri ginen. Gauerdian, eguzkiaren berotasunarekin ur pixka bat prestatu eta berriro martxan jarri ginen».

Zintzilik dagoen Big Bertha izeneko glaziarraren parean dagoen elur zelai batera heldu ziren. Hara iristeko, mistoko hainbat eta hainbat luze eskalatu zituzten: «Ez ziren zailak, baina leher eginda geunden azkenerako. Eta beste sekzio tekniko zail bat genuen aurrez aurre. Une horretan, gainera, ekaitz bat hasi zen. Elurra eta haizete bortitzak ziren nagusi. Ia atsedenik gabe 36 ordu generamatzan eskalatzen. Eskularruak bustita genituen eta arazoak genituen gorputzak bero mantentzeko. Azkenean, Cassin ertzera iritsi ginen. Bertan denda jartzeko toki bat aurkitu genuen. Ez zen ona, baina bai atseden hartzeko aproposa».

Biharamunean, eguraldiak hobera egin eta gailurra egitea erdietsi zuten. Neka-neka eginda zeuden, baina, era berean, oso pozik; izan ere, jarritako helburua bete zuten. Hots, lehendabiziko emakumezkoak ziren “Slovak direct” bidea sinatzen. Igoeraren inguruan honako hausnarketa egin dute: «Bide hori ikaragarri ona da, tentea eta zailtasun handikoa. Une oro alertan zaude eta den-dena eman behar duzu. Horrela ez baduzu egiten, ‘Slovak direct’ bideak irentsi egingo zaitu. Pozarren gaude eginiko lanarekin, besteak beste, biok ala biok oso ondo jardun dugulako. Eskaladaren zein estiloaren inguruan iritzi berdina dugu».