Asier AIESTARAN
Arrauna

Euskotren Liga eraberritua gaur hasiko da Ibaizabalen

San Juan eta Orio seguru xamar direla, lehia estua dago Arraun, Deusto, Hondarribia eta galiziarren artean.

Emakumezkoen Euskotren Liga eraberritua gaur hasiko da Portugaleteko uretan (18.00). Bertan ipiniko da jokoan Sestaoko Bandera, baina horrekin batera, bai gaur eta bai bihar Zierbenan, sailkapen estropadak jokatuko dira, hurrengo asteetan lehiaketan parte hartuko duten lau ontzien izenak erabakitzeko.

San Juan da azken lau urteetako txapelduna, eta iazko irabazlea izateari dagokion abantaila bere esku izango du: bi egunetakoren batean bost onenen artean sartzea nahikoa du sailkapena lortzeko. Orain artean pasaitarrek erakutsi duten maila ikusita, ziurtzat jo daiteke txartela eskuratuko dutela, eta beste hiruetarako hamabi ontzi daude hautagai modura: Arraun Lagunak, Deusto, Donostiarra, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Lea Artibai, Orio, Puebla-Cabo eta Tolosaldea.

Hautagai horien artean ongien kokatuta dagoena Orio da. Azken urteetan etengabeko hobekuntza erakutsi dute gipuzkoarrek eta aurtengo denboraldian berriz ere koska bat edo bi nabarmen egin dute gora. ETE LIgako lehen estropada ez puntuagarrian, Portugaleten bertan, garaile irten ziren San Juani gaina hartuta, eta aurreko larunbatean Donibane Lohizunen –hau ere ez puntuagarria– bigarren izan ziren arrosen atzetik.

Beste bi postuetarako borroka askoz ere irekiagoa dago, eta oso segundo gutxiren baitan egon daiteke sailkapena lortzea ala kanpoan geratzea. Azken estropada horietan ikusitakoagatik, Arraun Lagunak, Deusto eta Hondarribia izan litezke ongien kokatuta daudenak. Donostiarrek iaz lortu zuten txartela lehen aldiz eta aurten errepikatzen saiatuko dira; Deusto, hauek ere urratsez urrats gora eginez, eta Hondarribia, aurten emakumezkoen traineruarekin apostu sendoa egin ostean, ez dira inoiz Euskotren Ligako lau onenen artean sartu.

Ezustekoren bat egotekotan Donostiarra litzateke aurrez aipatutako horiei gehien hurbildu zaiena aurtengo hitzorduetan, eta beherakada nabarmena izan duena Hibaika da. Azken bost urteetan txartela lortu ondoren, badirudi aurten agur esan beharko diola lehiaketari.

A Pobra eta Cabo, elkarlanean

Hala ere, eta ordezkari bakarra izan arren, oso gertutik jarraitu beharko da Galiziatik datorren trainerua. A Pobra eta Cabo elkarteek elkarlanean ateratako ontzia da, eta erreferentziarik ez dagoen arren, pentsatzekoa da maila ona eman dezakeela, arraun munduan tradizio handia duten herriak direlako A Pobra do Caramiñal eta Boiro.

Sailkapena lortzen duten lau ontziek beste hamabi estropada izango dituzte aurretik: A Coruña (2), Donostia, Castro Urdiales, Pasaia, Orio, Getxo, Santurtzi, Ondarroa, Hondarribia eta Zarautz (2). Zortzitik hamalaura igo da kopurua eta lehen aldiz Galiziako uretara bidaiatuko du lehiaketa honek.

Gizonezkoak, martxa hartzera

Emakumezkoen estropadak amaitutakoan, gizonezkoen txanda izango da. Gaur Sestaoko XVII. Bandera ipiniko da jokoan, Eusko Label Ligako bigarren proba puntuagarria. Lau kaletara jokatuko da estropada eta txandak sailkapen nagusiaren arabera antolatuko dira. Lehen txandan Kaiku, Tiran, San Juan eta San Pedro irtengo dira; bigarrenean Ondarroa, Cabo, Orio eta Donostiarra; eta hirugarrenean Zierbena, Santurtzi, Hondarribia eta Urdaibai. Estropada eremu berezia izaki, kale zozketak bere garrantzia izango du –bilera 16.30ean egindo dute– eta mareari ere adi egon beharko da: itsasgora 19.03an da.

Bihar traineruek apur bat mendebaldera egin beharko dute, Zierbenara, bertako XXXV. Petronor Bandera jokoan izango delako. Emakumezkoen proba 11.45ean hasiko da, eta ondoren gizonezkoen lehia hasiko da. Txandak bezperako emaitzen arabera egituratuko dira, itsasbehera 13.27etan da eta haizeak jo dezake.A.A.