Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
PAUL ZIZKA
ARGAZKILARIA

«Bizipenak argazkien aurretik jartzeak berebiziko garrantzia du sormenarentzat»

Kanadarra CVCEphoto-ren laugarren ekitaldiaren irabazlea da. Horren berri duela hilabete eman genuen, baita aurreratu ere irabazleak ez zuela aukerarik izan sari-banaketa ekitaldian egoteko. Izan ere, mendiko pasaietako zein abenturako argazkilari hau erabat lanpetuta zebilen. Alabaina, GARA Zizka-rekin hartu-emanetan jarri da, eta hurrengo elkarrizketan protagonista hau ezagutzeko parada izango dugu.

Oker ez banago, Krystal Wright argazkilariak animatu zintuen CVCEphoto-n parte hartzera. Wrightek lehiaketa honetan sariak jaso ditu. Gauza bereziren bat aipatu zizun?

Krystleren lana aspaldi jarraitzen dut, eta nire herrira, Banff-era, urtero ospatzen den jaialdira zetorrela entzun nuenean elkarrekin afaltzeko proposatu nion; izan ere, jaialdia egiten den lekutik bost minutura bizi naiz. Krystlek gure ondoan eserita zeuden lagun batzuk aurkeztu zizkidan. Horietako bat Mendi Film-eko zuzendari Jabi Baraiazarra zen. Lehiaketa aurretik ezagutzen banuen ere, Krystlerekin eta Baraiazarrarekin solasean aritu eta aurreko edizioetako argazki saridunen kalitatea ikustean, argazki batzuk bidaltzeko intentzio sendoarekin itzuli nintzen etxera.

Ospe handiko makina bat lehiaketatan hartu duzu parte. Baina CVCEphoto-k izaera berezia du; izan ere, Club Vasco de Camping Elkarteak antolatzen du. Hots, era boluntarioan lan egin eta 4.000 bazkide dituen mendi elkarte batek. Horrek harritu al zaitu?

Kontuan hartuta dena boluntarioen lanari esker egin dela, benetan liluratuta nago sariaren neurri eta kalitatearekin. Agerikoa da elkarteak sekulako lana hartu duela saria sustatzen eta kalitate handiko irudiak erakartzen. Bereziki, apartekoa da jakitea mendizale adiskideek irudiak aintzat hartzen dituztela.

Laugarren ekitaldi honetan, lehen saria eta ohorezko aipamen bat irabazi dituzu. Izen handiko argazkilariek parte hartu dutela ikusita, espero al zenituen sari horiek guztiak?

Inola ere ez. Oso ondo nekien aurreko ekitaldietako irabazleek ezarritako maila benetan handia zela; beraz, argazkiak bidaltzerako garaian, txapelketa gehienetan egiten dudan era berean egin nuen: inolako itxaropenik gabe. Txundituta eta ohorez betea geratu nintzen norekin batera saritua izan nintzen ikustean: primerako hainbeste argazkilari elkarrekin!

Lehen aldia da Europako lehiaketa batean saria jaso duzula. Ze balorazioa egiten duzu?

Hunkigarria da argazkiak itsasoaren beste aldean balioesten direla jakitea. Argazkilaritzan hasi nintzenetik oso babestua sentitu izan naiz hemen, Ipar Amerikan, baina asko estimatzen dut beste kontinenteetatik jasotako maitasuna!

CVCEphoto-ren laugarren ekitaldiaren aurreko kronikan "The Final Frontier" argazki irabazlearen inguruan epaimahaiak zein zuk zeuk emandako iritziak jaso genituen. Sari banaketaren ekitaldian argazki horrekin ikusleak ahoa bete hortz utzi zenituen. Gauez eta hodi edo koba baten barruan ateratako argazki bat da. Ikusten den bezala, teknikoki bikaina da. Irudi hori prestatu eta ateratzerakoan, zein izan da alderdirik zailena?

Lanaren meritu asko neure laguna den Jesse Milner eskalatzaile apartari dagokio. Izan ere, kamerak behar zuen argia biltzen zen bitartean, posizio zail batean luze eutsi behar izan zion. Egunez ordu batzuk genituen izotz kobazuloak ikuskatzeko, eta “moulin” hura ikusi bezain azkar, irudiaren konposizioa bistakoa izan zen. Bere horretan argazki ona izan zitekeen arren, eskalatzaile bat agertzeak asko hobetuko zuen. Benetan eskertzekoa da Jesseren trebetasuna argazki hau posible egiteagatik. Nire aldetik, astroargazkilaritzaren erronka arruntei besterik ez nien aurre egin behar izan: enfokatzeko zailtasunak, konposizio egokia bilatzea eta esku-argien gehiegizko distirak saihestea.

Irudi horri "The Final Frontier" deitu diozu. Nik, normalean, argazki-oinari garrantzi handia ematen diot. Eta uste dut asmatu duzula. Ze irudikatu nahi zenuen "The Final Frontier"-ekin? Eta ze transmititu?

Egia esan, argazkia ateratzetik itzuli ginenean, argazkilari lagun batzuei erakutsi nien. Eta zera eskatu nien: «Izenburu on bat egon beharko da hor nonbait, ideiarik otutzen?». Haietako batek “The Final Frontier” proposatu zuen, eta berehala deigarria egin zitzaidan. Bi arrazoirengatik: lehenik, irudiaren surrealismo irudipena azpimarratzen zuelako. Bigarrenik, gaueko abentura argazkilaritzaren mugako izaera aditzera ematen zuelako. Abentura argazkilari bezala, erraza da pentsatzea den-dena jada eginda dagoela. Dena den, aspaldidanik uste izan dut “astroabenturaren argazkilaritza”-k aukera asko eskain ditzakeela oraindik ere.

Argazki irabazle horretaz gain, zure beste irudi batek, "Cryophillia"-k, ohorezko aipamen jaso du. Biak ala biak gauez egindakoak dira. Esan dezakegu gaueko argazkietan espezialista zarela? Zerk erakartzen zaitu?

Ez dakit neure burua espezialistatzat hartuko nukeen, baina duda barik azken bost urteotan gehien erakarri nauen generoa dela argi esan dezaket; izan ere, astroargazkilaritzaren inguruko hamaika gauza maite ditut. Bere magia, bakardadea, erronka teknikoak, jasotzen dudan perspektiba eta lasaitasuna maite ditut batik bat.

Eta hori gutxi ez eta bigarren sarituaren, Sebastian Wahlhuetter-en, "Northen Portal" ere gauez ateratako argazkia da. Argi dago epaimahaiak espezialitate hori asko baloratu duela. Modan al dago?

Egia da azken urteotan gorakada izan duela, ziur aski hein handi batean ekipamendua ikaragarri eboluzionatu delako, eta eskuratzeko askoz errazagoa delako. Horrez gain, uste dut jendea zeru ilunen balioaz konturatzen hasi dela, argi-poluzioak gora egiten duen garai hauetan.

Zeure burua mendiko pasaietako zein abenturako argazkilari bezala aurkezten duzu. Beraz, zure argazkiek bi aurpegi azaltzen dute: bat, paisaien "gelditasuna"; eta bi, abenturaren "akzioa". Nahasketa horretan eroso sentitzen zara?

Bai, erabat. Ez dut uste egiteari utz niezaiokeenik ere. Leku basatien edertasuna bere horretan erakutsi eta aldarrikatzea gustatzen zait, baita jendeak eta paisaiak nolabait elkarri eragiten diotenean dokumentatzea ere. Urteak igaro ahala, alde batera eta bestera ibili naizen arren, gaur egun nire lana pareko banatuta dago paisaia puruak eta gizaki elementua duten irudien artean.

Esan dugu paisaia hotzetako argazkilaria zarela. A zer sorpresa izan den niretzat Nature Conservancy 2018ko edizioan paisaien kategoria irabazi berri duzula jakitean, Namibiako basamortuan azaroan egindako argazki zoragarri batekin. Zuretzat ezohiko paisaia agian. Nolakoa izan da izoztutako zabalgune urdinak urre koloreko basamortuengatik aldatzea?

Ingurune bakoitzak berezko erronkak eta aurkikuntza propioak gordetzen ditu. Dena den, esan beharra dut izarren argazkiak galtza motzetan ateratzea aldaketa atsegina izan dela! Askotariko gaiei argazkiak ateratzea garrantzitsua dela uste dut –argazkilari moldakorragoetan bilakatzen gaitu –, baina ez dago izotza bezalakorik. Etengabe liluratuta geratzen naiz har ditzakeen testura, forma, patroi eta koloreen aniztasunarekin. Kriofilo bat naiz.

Esplorazioaren zale amorratua zara. Abentura asko egin dituzu; horietako batzuk bakarka. Zaletasun horretatik inspiratzen al zara zure irudiak ateratzerakoan? Zeri ematen diozu garrantzi gehiago: abenturari ala argazkiak ateratzeari?

Abenturari beste edozeri baino gehiago. Bizipenak argazkien aurretik jartzea berebizikoa dela uste dut sormenaren bidaia iraunkorra izateko. Irudi sinesgarri bat jasotzen badut, emaitza ongi etorria da niretzat. Baina argazkilaritzaren emaitza dena dela, gozatu beharra daukat. Nire ahaleginak, lehenik eta behin, neure jakin-minak bideratzen ditu. Hurrengo muinotik harago, hurrengo bihurgunearen ostean zer ote dagoen besterik ez dut ikusi nahi. Eta gero sormenari eragitea gustatzen zait. Zenbaitetan, miresten dudan irudi batera eramaten naute jakin-minak eta sormenak.

Nahiz eta mundu zabalean egon zaren, badirudi zure inspirazio iturri nagusi bat Kanadako Mendi Harritsuak direla. Hala al da? Zer eskaintzen dizute mendi horiek?

Ez dago Mendi Harritsuak bezalako lekurik niretzat. Neure buruan, munduko beste leku bakar batek ere ez du halako edertasun, aniztasun, abenturarako aukera eta argazkilaritzarako potentziala eskaintzen. Etxetik hurbil nabilen bakoitzean, nire ideien zerrendak gora egiten du. Bizitza oso bat ez litzateke nahikoa izango. Mendi Harritsuek ustekabean harrapatzen naute oraindik ere, eta mundu zabalera abenturatzeko aukera izatea benetan eskertzen dudan arren, beti berezia izaten da etxera, Banffera, itzultzea.

Argazkilari profesionala zara, eta zure irudiak hainbat eta hainbat liburu, aldizkaritan… ikusi ditugu. Baina aipatu dugun bezala, zure argazkiek han eta hemen makina bat sari jaso dituzte. Zer ematen dizute lehiaketek?

Sinesgarritasunik ematen ez dutela esango banu, gezurretan ibiliko nintzateke. Dena den, orokorrean, uste dut argazkilariek zenbait irudi ateratzeko egiten dituzten ahaleginen ostean euren emaitza beste gizaki guztiokin partekatzea gustuko dutela, norbait hunkitua izan eta gozatuko duenaren itxaropenez. Hori lortzeko hamaika bidetako bat da lehiaketena. Emaitzak pertsonalki hartzen saihesten saiatzen naiz, baina, jakina, berri onak jasotzeak are gehiago motibatzen nau kanpora atera eta sortzeko.

Nola ikusten duzu egungo mendiko argazkilaritza? Badirudi, gero eta gehiago argazki ikusgarrien alde egiten dela? Zein da zure iritzia?

Sare sozialek “like”-garriak diren irudi txundigarriak sortzeko joera batera eraman gaituzte, eta plataforma desberdinak gure lana zabaltzeko bide onak izan diren arren, ziur asko sareek orokorrean mendi-argazkilaritza komunitatearen sormen ahaleginak kolektiboki moteldu dituztela esango nuke. Niri, bederen, hainbatetan gertatu zait. Beti tentagarria da jendeak ondo erantzungo dituen ideiak bilatzea, nahiz eta jakin sortutako argazkiek ez zaituztela inora eramango, eta zure argazkilaritza bidaia ere ez dutela handituko. Hori esanda, uste dut jende askok bere ikuspen propioari eusten diola, emaitza sinesgarriak era iraunkorrean sortuz. Pertsona horiek asko inspiratzen naute.

Eta etorkizuna, nola ikusten duzu? Zer bide hartu behar du?

Gauzak iristen diren heinean hartu ohi ditut. Hori izan da neure estrategia hasi nintzenetik, eta orain arte, behintzat, ondo ibili dela dirudi. Bi neskato ditut orain; beraz, etxean nagoela ziurtatu nahi dut. Aurrerantzean kanpora noanean benetan etekina atera beharko diodala suposatzen dut. Inguru basatietako sorkuntza aldi horiek urtean zehar jorratzen jarraituko dut, bai horixe! Ateraldi horiek neure hoberenean mantentzen naute, bai sormenaren aldetik, baita bizitzako beste alderdi askotan ere.

Amaitzeko, CVCEphoto-ren bosgarren ekitaldian ikusiko al zaitugu?

Egon zaitezke ziur! Elkarbanatzeko merezi duen edozer lortzen badut, atseginez partekatuko dut denekin. Eskerrak antolatzaileei berriz ere, aurten emandako aukera paregabearengatik.