2018/07/04

Ipar Euskal Herriko kultura politiko berria aztergai Baionan

Lehen aldiz Baionako Bernat Etxepare lizeoko barnetegian UEUko ikastaroak egiten ari dira. «Ipar Euskal Herria paradigma berriaren inspirazio iturri? Lurraldea: subjektu politiko berria» kurtsoan, Mario Zubiagak eta Eguzki Urteagak hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean. Ipar Euskal Herriko filosofia politikoa etorkizunarekin lotu zuten.

Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
0704_eh_ehu1

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketak «instituzioen osaketaren aldetik eta herri mugimenduen ikuspegitik» aztertzea da atzo eta gaur artean egiten ari diren ikastaroen helburua. Egoitz Gurrutxagak, ikastaroko parte-hartzaileak azaldu zuenez, «jardunaldien helburua ubide desberdinak erreka bakar baten baitan ezartzea da».

Goizean lekukotasunetik abiatutako irakurketak egin bazituzten, arratsaldean «egoera ulertzeko kontzeptu gakoak» izan zituzten aztergai Mario Zubiagak, EHUko irakasle zein Euskal Nazionalismoari buruzko masterraren buruak eta Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakasleak, berriki Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatuak.

Demokratizaziorantz

Zubiagak hitz egin zuen lehenik. Azalpen hegeldarra eman zuen, dialektiken logikan oinarrituta (tesi-antitesi-sintesi); izan ere, bi muturrez harago alternatibak badirela adierazteko atal bakoitzean hiru erpin aurkezten zituen (hiru eredu, hiru eremu instituzional, hiru kontzeptu eta abar).

Zubiagak azaldu zuenez, «historian aldika gertatu izan diren erantzun mota desberdin guztiak, postmodernian bat-batean agertu dira», eta beraren iritziz, «hiru talde nagusitan banatzen dira: ezkorrak, baikorrak eta apokaliptikoak».

Testuinguru orokor horretan, eztabaidarako hiru kontzeptu proposatu zituen hizlariak, «estatugintzak eraginkortasuna du ardatz, naziogintzak elkarkidetza, eta herrigintzak kohesioa». Ordea, «alde bakoitzeko estatuen estatugintza, naziogintza eta herrigintzak desberdin garatu diren heinean, hiru kontzeptuen arteko jokoa ipar zein hego Euskal Herrian desberdina da», ohartarazi zuen Zubiagak.

Mobilizazioaren eta instituzionalizazioaren arteko talka etengabeak inoiz gelditzen ez den inertzia sortzen duela eta mugimendu horren eragileak eraldatuz joaten direla azaldu zuen eta norabidea seinalatu zuen: «Demokratizazioa».

Kultura politikoa eraldatu

Egun Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena ulertzeko, 90eko hamarkadan hasi ziren aldaketak oroitarazi zituen Eguzki Urteagak: «Helburua, eragile guztiek diagnosi bateratua egitea, helburuak adostasunez finkatzea eta helburu horiek erdiesteko estrategiak adostea zen. Horri esker, kultura politikoaren eraldatzea lortu da eta gaur egungo politika elkarrizketa, negoziaketa eta akordioan oinarritua dago».

Euskal Elkargoaren sorrera ere hizpide izan zuen Urteagak, eta berau gauzatu ahal izateko hiru faktore aipatu zituen, «lehena Parisek ez duelako nahi izan arlo honetan urratsik eman, bigarrena IK-ren desagertzea, eta hirugarrena, oso ongi antolatuta zeuden baina ordezkaritzarik ez zuten eragileek konfrontazio logika batetik lankidetza logika batera pasatzeko egin zuten hautua».

Hego Euskal Herrian logika bera gauzatu ahal izateko sei oztopo nagusi eta haien ondorioak zerrendatu zituen Urteagak. «Instituzioen konfiantzarik eza» ere birritan aipatu zuen, baina batez ere Ipar Euskal Herrian izan den prozesua ahalbidetu zuten elementuak azpimarratu zituen: «Eragileen aitortza. Elkar ezagutza. Eztabaida etengabea. Negoziaketa ohikoa. Adostutako erabakiak zalantzan jarri gabe errespetatu eta onartzea. Gomendioaren kultura. Eta ebaluazio partekatua».

 

Lekukotasun eta bizipen ugari, egindako ibilbideaz hausnartzeko

Norberaren esperientziatik abiatuta testuinguru desberdinen irakurketak lehen pertsonan egiteko aukera eskaintzen du Baionan egunotan erabiltzen ari diren formatuak. Atzo goizean Jakes Borthayrou, Mikel Goihenetche eta Battitta eta Marie Christine Amestoyk hitz egin zuten.

Bizipenetatik abiatu eta ikuspegi orokorretara jotzeko ariketa horretan, Maritxu Lopepe, Ximun Fuchs eta Jean-Claude Iriartek ere hitz egin zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberako ordezkari gisa. Iriartek 30 urte iraun duen zikloa aztertzearen beharra azpimarratu zuen, «hurrengo zikloa laburragoa izan dadin».

Gaur goizean ere lekukotasun ugari izango dira, «Burujabetza materiala», «Herri zilegitasuna» eta «Instituzio publikoak» aztertuko dituzten jardunaldietan.H.L

 

Adierazpenak

«Sakonean, mundu osoan hedatua dagoen paradigma demokratizazioa da; edo behetik gora osatu egiturak, edo goitik behera»

MARIO ZUBIAGA

EHU-ko irakaslea

 

«Iparraldekoa ez da kultura politiko desberdin bat, duela 20 urte hartu ziren erabakien ondorio bat baizik»

EGUZKI URTEAGA

EHU-ko irakaslea