GARA
BORDELE

Bordeleko Errektoretza blokeatu dute «brebeta euskaraz» aldarrikatzeko

Goizean goiz autobusa hartu eta eguerdi aldera Bordelen Hezkuntza Akademiak duen egoitzara heldu ziren atzo Seaskak kudeatzen dituen kolegioetako ordezkariak. Orotara ehun bat lagunek sei orduko joan-etorria egin zuten Errektoretzak brebetako zientzietako proba euskaraz egin zuten ikasleen azterketen zuzenketa galarazteko harturiko erabakia salatzeko. Egoitzaren sarrera blokeatu zuten, poliziak bertan lotu ziren lagunen kateak haustera joan ziren arte.

Ziburuko Piarres Larzabal, Kanboko Xalbador, Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart eta Baionako Estitxu Robles (lehengo Bernat Etxapare) kolegioetako ordezkariek tixertak eta banderolak baliatu zituzten euskarazko hezkuntzaren aldeko aldarrikapena Akitania Berriko hiribururat eramateko.

Goizean goiz kolegioetara hurbildu ziren ehun bat lagun autobusa hartzeko. Seaskako arduradunen ondoan, lau ikastetxe horietako irakasle, guraso eta ikasleak ziren. Bidaiak xede nagusia bazuen, hain zuzen, bezperan 179 ikasleen azterketak euskaraz idatzita izateagatik baztertu zituen erakundeari ikastolen haserrea adieraztea.

Hala egin zuten Bordelera heldu bezain pronto. Hezkuntza Akademiako egoitzara hurbildu eta beraien aldarrikapenak lau haizetara zabaldu zituzten.

“Brebeta euskaraz” eta “Non à la discrimination linguistique” leloekin banderolak atxikitzen zituzten lagunak ez zituzten atseginez hartu. Egoitzara sartzera zihoazela poliziak beraiengana hurbildu eta bidea moztu zieten. Eraikin barrura sartuz gero negar gasa jaurtiko zietela mehatxu egin zieten poliziek. «Borrak eskuetan errezibitu gaituzte», laburbildu zuen Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak Errektoretzako kanpoaldean jasotako tratua.

Hala ere, manifestariak sarreratik gertu plantatu ziren, karrikaren bi alboetan. Anartean, lau lagun ataritik gertu kateatu ziren, sarbidea oztopatzeko xedez.

Erlojua aurrera zihoan eta etxeko gosariak emandako energia ordurako xahututa zeukaten frantziar Hezkuntza arduradunek tokiko hizkuntzekin duten jokabide eskasa salatzeko Bordelera joandako lagunek. Hortaz, karrikan eseri ondoren piknika hartzea erabaki zuten. Hala ere, desertaren une goxoa murriztu behar izan zuten bisitariek, une oro beraiei beha zituzten poliziak bertaratu baitziren. Sarrera oztopatzen zuten lagunengana hurbildu eta kateak moztu zituzten. Handik gutxira, protesta ekimena amaitutzat eman eta berriro ere Euskal Herrirako bidea hartu zuten Seaskako ordezkariek.

Ikuskari erdaldunak

Atzokoa ez da izanen, ordea, Errektoretzak harturiko erabakia salatzeko Seaskak bultzatuko duen ekimen bakarra. Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta gehiago egiteko asmoa agertu zuen Seaskak, astelehenean bertan, 179 ikasleen azterketak bahituak izan zirela jakin eta ordu gutxi batzuetara zabalduriko oharraren bidez. Geroztik ezagutu diren berriek ikastolen haserrea areagotu besterik ez dute egin.

Astelehenean irakasle euskaldunei zuzentzen utzi ez zizkieten azterketak Pauera eraman zituztela jakin zen atzo. Are, Errektoretzak euskaraz ez dakiten hezkuntza ikuskariei galdetu omen die «kopia» horiek zuzentzeko. Atzo Bordelera joandako lagun anitzen ahotik «mespretxu» hitza entzun zen. Beste hainbat gizarte sektoretan ere harridura eta kezka nagusitzen dira. Are gehiago kontuan hartuta iaz brebetako zientzietako proba euskaraz egin zuten ikasleen azterketak, nahiz eta horretarako baimen ofizialik ez izan, zuzenduak izan zirela. Epaimahaietan irakasle elebidun aski baziren aurten ere zuzenketak egiteko. Arazo teknikoak baztertuta, «erabaki politikoa» gailendu dela nabarmendu zuen Hur Gorostiagak. Beraren ustez, frantsesa hizkuntza bakartzat hartzeko asmo argia du Emmanuel Macronen gobernuak. Susmo hori areagotzen du Bretainian ere bertako hizkuntzan idatzitako azterketak alboratzeko agindua eman izanak Hezkuntzako arduradunek.

Egoera horren aurrean, lurralde gisa erantzuteko unea dela sinetsita, heldu den uztailaren 28an Frantziako Tourra Ipar Euskal Herrian gaindi ibiliko den egunean, «haserrea erakusteko» deia luzatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolek.