2018/07/08

Julen MURGOITIO
Desertua itsasoan, zezenak larrean

Zubi-lanak egiteko garaia da oraingoa. E? Iruñeko udal gobernua? Ez, ez, ni benetako zubietako egiazko lanez nago! Izan ere, azken boladan gure inguruko hainbat zubitan, harrizko zein metalezko, zati bat hondoratu egin da eta kezka sortu. Ez dakit egitura kontua izan den ala ez, baina hain da garrantzitsua egitura, estruktura, edozein zubi-lanetan! Bai, orain ez nago benetako zubiez. Tira, Iruñekoa atera denez, horren harira! esaera zaharrak dio «urrunetik hamalau hurreratu eta lau», bada hango udaletxean zera, urrunetik lau hurreratu eta bi gehi bi. Politika gauza bizia eta egunerokoa den seinale.

«Una mattina mi son svegliato» (goiz batean esnatu eta …) halaxe hasten den kanta zaharra pasatu zait gaur goizean buru aldetik. Ez, ez nago hango entzierroez; nik neuk behintzat zezenak gustuko ditut baina beren jatorrizko larreetan libre eta ez handik urruneko kale estu batean prentsako orri bilduen atzean arnasestuka, azkenean ezpata aurrean azken hatsa emateko. Ez. Total, kanta hori burura etorri bai, bere segidakoa ezagunagoa baita: «O bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao». Bai, kanta-hitz horiek ezpainetan lehorreratu zen lehengoan Katalunia Errepublikako portu batean migrante multzo handia, ur-desertua zeharkatzen saiatu ondoren, elkartasun-arrantzale zailduek ontziratuta.

Eta bitartean, Europa bat, handi eta libre horretan gero eta setatuago Mediterraneoa bera hegoalderago mugitzeko, harea-desertutik beherago, badaezpadakoan beti ere … Ama, ama, era askotako aldaketak ekarriko dituzte geroko mapamundiek! Akaso ez dira konturatu Mediterraneoa beherantz mugituta gaur horra husten diren ibaiek berek ere, euskal izan baden Ebro tartean, harako bidea hartuko dutela?

Azken batean, ibaiak itsasoa beti helburu; eta pertsonek arnasa. Tour jokoaren zerrenda egitera noa…