2018/07/09

Josebe EGIA
Zer aldatu

Asun Casasola dut izena, eta uztailaren 7an, 10 urte bete dira nire alaba, Nagore Laffage, erail zutenetik, sanferminetan. Erailea, Diego Yllanes, hura bortxatzen saiatu zen. Hark aurre egin zion, gizonak 36 aldiz jo zuen, eta hil. Alaba, 20 urtekoa, hordituta zegoela akabatu zuen, eta epaileak mozkorkeria aringarritzat jo zuen Yllanesen zigorra ezartzeko orduan. (…) Gaur, 10 urte beranduago, Justiziak kontuan hartzen jarraitzen du sexu-erasotzaileei zigorra murrizteko aukera, bortxaketa egitean mozkortuta bazeuden. (…) Mesedez, sinatu eskaera hau sexu-erasotzaileek alkohola kontsumitu izanak aringarria izateari utz diezaion gure Kode Penalean».

Hamar urte hauetan izugarrizko adorea eta ekimen nekaezina, biktimismo-arrastorik gabea, erakutsi dituen Asun Casasolak Change.org plataforman zabaldutako eskaera hori sinatu ostean ari naiz lerro hauek idazten, uztailaren 7an, hain zuzen.

Ez omenezko edo oroitzapenezko edo babesezko ekintza gisa, baizik eta arrazoizkoa eta bidezkoa delako, erabat. Idazten ari naiz ostiralean Iruñeko txupinazoa sekula baino arretatsuago ikusi ondoren, telebistan, panoramika klasikoa.

Lasaitu ederra hartuta, ikusirik sanferminei hasiera ematen dien ekitaldi enblematikoa ez dela bihurtu aurten, berdintasunaren edo feminismoaren edo emakumeon borrokaren edo halakoren baten izenean, erakustaldi absurdoen eta, hain justu, berdintasunerako/feminismorako/emakumeon borrokarako kaltegarrien eremu.

Txupinazoa betiko lez joan zen, gizon-emakumeek osaturiko marea zuri-gorri ikusgarrian, tarteka aldarrikapenezko oihal-puska erraldoiek estalita –besteak beste, «Justizia hau kaka hutsa da» zioena–.

Gera dadila garbi munduaren begietara, sanferminek horretarako beta ere eskaintzen dute-eta, emakumeok argi dugula, bai eta jendarteak gero eta gehiago eta irmoago ere: bai festetan bai eguneroko bizimoduan, aldatu ez dugu emakumeok geure jokabidea aldatu behar –parte hartzeari utziz edo gizonezkoek baino modu neurritsuagoan parte hartuz edo kostata irabaziriko esparruetan lekua kenduko digun beste edozelan–, gero justiziak babes gaitzan nahi badugu, biktima eternal nahi eta egiten gaituen justizia horrek.

Aldatu horixe aldatu behar da, eta hori ahalbidetzen duen guztia: bai kodea bera bai kodea aplikatzen dutenen ikuskera.