2018/07/10

IKER ETA JON MARIEZKURRENA
PILOTARIAK

Pilota nolabaiteko familia tradizio bat da Mariezkurrena anaien etxean eta azken asteetan albiste bikainak ekarri dizkie. Ostiralean Jonek, gazteenak, profesional gisa debuta egingo du Asegarcerekin, baina ez da txikiagoa izan Iker, anaia nagusia –hiru urte zaharragoa–, kantxetan berriz ikusteak eragindako poza; izan ere, bi eskuetan izandako fibrosiak urtebetez izan du geldirik.

«Ez dut uste aitak eta osabak adina partida jokatuko dugunik»
Jon ORMAZABAL
0710_kir_pilotahorizont

Ezbairik gabe, aurtengoak sanfermin bereziak izango dira mariezkurrenatarren etxean. Guk Iruñeko festa lehertu bezperan elkartu genituen.

Sanfermin oso bereziak izango dituzue etxean aurten?

JON MARIEZKURRENA (JM). Oso bereziak, bai. Hilaren 13an debutatzeko esan zidaten, eta edozein egunetan debutatzea oso berezia da baina sanferminetan, frontoia beteta, etxean... are gehiago.

IKER MARIEZKURRENA (IM). Familia guztiarentzat poz handia izango da. Aspalditik daramagu pilotan jokatzen, beti egon da pilota etxean, aitak eta osabak jokatzen zuten… Anaiak eta biok denbora asko pasa dugu pilotan jokatzen eta halako albiste bat etortzea sekulako poza da guztientzat. Sanfermin berezia izango da, hasierako egunak entrenatzen eta partidako urduritasunak kentzen eman beharko ditugu, baina anaia animatzen eta beti positibo izaten.

Zuk ere baduzu pozik egoteko motiborik, berriz ere kantxetan...

IM: Bai, duela urtebete eta hilabete lesionatu nintzen Biharko Izarrak txapelketako finalean eta aurreko asteko ostegunean [ekainak 28, Villabona] jokatu nuen nire lehen partida. Sentsazio arraroak izan ziren, sekulako gogoa nuen berriz zuriz janzteko eta pixkanaka lehengo mailara itzultzea espero dut.

Kalbario ederra izango zen?

IM: Oso gogorra izan da, anaiak, aitak eta neskak badakite ongi zer-nolako momentuak pasa ditudan, sarri pilota uztea ere pentsatu dut: ordu eta piku pasatu takoak jartzen, frontoira joan entrenatzera, eta handik bi minutura, minez, buelta etxera. Horrela eman ditut hamabi hilabete, baina azkenean ebakuntzak pixkanaka-pixkanaka hobera egin du. Otsailean saiakera bat egin nuen bueltatzeko, baina ezinezkoa izan zen eta orain badirudi ondo doazela.

Bi eskuetan, gainera...

IM: Hori da, duela bost urte bi eskuetako hatzak operatu zizkidaten zirkulazio arazoak zirela-eta, eta orain bi eskuak operatu. Lehen hilabetea oso zaila izan zen bai niretzat eta bai familiarentzat, ezin nuen ezer egin, bi eskuak bendaturik nituen eta puntuekin, eta oso momentu zailak izan ziren.

Villabonan partida ona jokatu omen zenuen...

IM: Partida ona izan zen. Luze eta gogorra eta lehen eguna izateko oso urduri nengoen, hilabete neraman oso-oso ongi entrenatzen, minik gabe eta gogoan dut lehen pilotakadan, aurrelariak utzi zidanean, hankak dardarka nituela, beldurra, tentsioa… sentsazio arraroak baina pixkanaka hoberantz egin nuen eta partida irabaztea lortu genuen. Oso gustura amaitu nuen eta espero dut udan partida asko jokatzea.

Nola ikusten duzu Jon?

IM: Aspaldian oso ondo ikusten dut, profesionalekin entrenatzen ikustera joaten naiz egunero, oso maila ona daukala uste dut eta iruditzen zait debutatzeko arrazoietako bat daraman progresioa dela. Izan ere, oraindik ere oso argal dago, indarra baduen arren; nik uste bai fisikoki eta baita pilotari izatearen aldetik marjina handia duela oraindik.

Asegarcek atzelari jotzaileak behar ditu?

JM. Hala ematen du, orain arte debutatu zuten azken atzelariak aurretik zetozen; Urretabizkaia aurretik atzera pasa zuten eta Taintarekin antzeko, hor anaia zegoen iaz debutatzekotan, azkenean eskuko arazo horiengatik ez zuen debutatu, eta aurten hiru debutari gaude. Agian beste biak, ez dakit nola esan, sendoagoak dira, hutsik egiten ez dutenetakoak, baina nik agian eskuin indartsuagoa daukat eta jotzaileagoa naiz.

Eta orain, hilabete eskasean, hiru debutari, zerbaiten bila ari dira...

Bai, horrek esan nahi du enpresak zerbait berria nahi duela, eta hala ere, Asegarcen ez dago atzelari oso heldurik, gehienak oso gazteak gara, baina...

Ematen du afizionatuekin egin zuten txapelketa hori, batez ere Zubiriko partida, erakusleiho handia izan dela zuretzat.

IM. Bai, nik uste dut bi partida nahikoa onak egin nituela, bigarrenean aurreko eguneko nekea nabaritu nuen eta baita ondoan nuen bikotea askoz sendoago zela ere, Garmendiak ez zuen batik huts egin, eta arrisku gehiago hartu nituen. Hala ere, Zubirin asko jo nuen, baina Zumarragan ere uste dut eman niola.

JM. Nik uste final handia izan zela, bi bikote oso desberdinen artekoa eta bestearen ofizioa nagusitu zen. Torneo horietan irabaztea handia da, baina jokoa erakustea ere bai eta nik uste hori izan dela kakoetako bat 13an debutatzeko eta ez irailean, esaten den bezala.

Pilotari bezala, batak bestea definitu beharko bazenute?

IM. Nik uste oso pilotari gogorra dela, sendoa ere bai, baina baita ere oso jotzailea, batez ere eskuinarekin. Ezkerrarekin ere asko ematen dio eta entrenamenduetan ikusten dudanez, oso konpletoa da, airez jokatzerako orduan, sakeak erantzuterako orduan eta sakeak ateratzerakoan ere moldatzen da. Hala ere, marjina askorekin eta hemendik urte batzuetara hiru distantzietan jokatzeko arazorik izango ez duen atzelaria da.

JM. Ikerrek bi eskuekin asko ematen dio, batez ere ezkerrez, agian ikusi dudan ezkerrik onena izango da. Eskuinarekin ere asko ematen dio; 1,95 neurtzen duen arren kantxan oso ondo mugitzen da, airez ere ongi moldatzen da eta bikotearentzat lagun ona.

Aitak urteak eman ditu herriko pilota eskolan, pozarren egongo da.

IM. Nik uste oso une polita dela familiarentzat, aita, ama eta familia guztiarentzat, bagenekien, edo hitz egina zuten gurekin, Jonek irailean edo urrian debutatzeko aukera izango zuela, baina aurreratze horrek tentsio hori jartzen du. Gainera sanferminetan, frontoia gainezka… Joni esaten nion oso debut polita izango duela, ardoaren desafio horretan, frontoia gainezka, sarrerarik geratzen ez dela… pilotari gutxik esan ahal izango dute halako debuta izan dutenik, eta nik uste pozik egoteko arrazoi asko dauzkagula.

Elkarrekin jokatzeko aukerarik izango da?

IM. Bai, egia esan, behin jokatu genuen txapelketa bat, ni aurrelari, eta ongi moldatu ginen. Gazteagoak ginen, duela hiru urte izan zen hori, frontoia [Arrotxapeko txapelketan] askoz txikiagoa zen eta elkarrekin jokatzeko txirrita hori kentzeko erabaki genuen hala jokatzea, finalerdietara heldu ginen eta finalean sartzeko aukera ugari izan genituen. Anaiarekin oso gustura, betidanik entrenatzen dugu elkarrekin, oso ongi moldatzen gara, ez daukagu arazorik batak besteari bronka botatzeko eta serio hartzen dugu.

Gazteak zaharrari ere bai?

IM. Orain igual errazago, lehen ez zen hainbeste ausartzen [barrez].

Profesionaletan berriz bi anaiak elkarrekin aritzeko ilusiorik?

IM. Ilusioa badago bai, duela urte bat esan zidaten aukera emango zidatela, baina eskuko arazo hori etorri zen eta aukera hori beste alde batetik etorri zait, anaiak egingo du debuta eta etorkizun batean, maila ematen badut eta beharrezkoa ikusten badute profesional izatea… hau familiarentzat pozgarria izan bada, biok izatea bikoitza litzateke. Bi seme edo iloba profesionaletan ikustea oso pozgarria da eta gainera Berriozarren kirol hau ez da oso famatua, gero eta haur gehiago daude eta hau ere oso lagungarria izango da guk daramagun pilota eskola hazteko. Irailean gure laugarren urtea izango da eskolan eta animatzen ditugu haur guztiak etortzera.

Gazteenak egingo du debuta lehenago, Mariezkurrena lehena edo bigarrena izango da?

Kamisetan bigarrena izango da, baina, egia esan, aitak eta osabak asko jokatu dute euren bizitzan pilotan, ez dut uste eurak jokatutako partidak jokatzera helduko garenik. Haien lehengusu batek ere jokatu zuen, baina paperaren gainean Mariezkurrena II.a izango da Jon.

Sanferminak beste era batera bizitzea tokatuko da aurten?

JM. Nik ia egunero entrenatuko dut, zerbait mugitu, bestela Iruñera igo eta egunero ibili... eta azkenean asko nekatzen zara. Lehen egunak pixka bat disfrutatu eta beste guztietan deskantsatu, kirola egin, mugitu eta urduritasun horiek kentzen saiatu.

IM. Nik uste partida hori psikologikoki prestatuta izan behar duzula eta ahal den heinean aktibo mantendu gorputza. Nire kasuan, sanferminetan Berriozarreko kiroldegian nago lanean eta desberdinak izango dira. Ez nuen jairik, baina anaiak debutatuko zuela esan zidatenean, nagusiari deitu nuen eta berehala ulertu zuen egun horretan ez nuela lanik egin behar.

Entrenatu batera egiten duzue?

IM. Bai, Jonek aurrekontratua irailean sinatu zuen eta nik lau urte daramat Asegarcerekin, eta irailetik egunero joan gara batera, ni eskuak egitera eta uste dut entrenamendu bakarrean ez dudala hutsik egin. Pilotaria naiz, baina horren aurretik pilotazale amorratua.

Pilotaz aparte?

JM. Aurten Irakasle ikasketen lehen urtea amaitu dut eta Ikerrek karrera amaitu berri du, Irakasle ikasketak berak ere. Nik uda pasatakoan bigarren urteari ekingo diot.

JM. Jonek esan bezala, nik aurten bukatu ditut ikasketak eta urte zaila izan da, ze astean bitan edo hirutan Gasteizera edo Soraluzera joan behar izan dut masajistarengana; gainera, praktikak nituen eta pilota eskola... Ea hurrengo urtean irakasle bezala hasteko ze aukera ditudan, argi dago pilota eskolan jarraituko dudala eta espero pilotak denbora asko kentzea.

Pilota munduan erreferente edo idolorik izan duzue?

JM. Umetan Aimar Olaizola, baina nagusitzerakoan pixka bat atzelarietan fijatzen hasten zara eta Zabaleta, gertukoa eta onena denez... Beñat Rezusta ere bai, eta enpresakoak ere bai noski, Albisu, Larunbe, Imaz... azkenean guztietan fijatzen zara.

IM. Etxean beti aimarzaleak izan gara, eta egia esan behar bada, Jon txikitan irujozalea zen, baina uste dut gehiago zela kontra egiteagatik. Nik harreman oso estua dut Jose Javier Zabaletarekin eta nik uste, dohainen aldetik, zalantza izpirik gabe, profesionaletan dagoen atzelaririk onena dela eta berak dituen ezaugarrietan fijatzen zara, nahiz eta guretzat ia ezinezkoak diren. Baina atzelari guztiak aztertzea gustatzen zait, batzuetatik gauza batzuk eta besteetatik beste batzuk, denetatik ikasten da zerbait.

Zer moduz Guardiako egonaldia?

JM. Espero baino hobeto. Hasieran pixka bat urduri joan nintzen, ea nola moldatuko nintzen, baina oso ondo hartu ninduten. Hasieran beste hasiberri batekin, Arangurenekin, elkartu nintzen baina gero guztiekin egon nintzen. Aimar eta Oinatz dira zaharrenak, baina ia beste guztiak 30 urtez beherakoak dira, oso gazteak eta asko afizionatuetan elkarrekin aritutakoak gara.

Jon: «Edozein egunetan debutatzea oso berezia da, baina sanferminetan, frontoia beteta...are gehiago»
Iker: «Jonek marjina handia dauka oraindik eta urte batzuetara hiru modalitateetan jokatzeko arazorik ez du izango»
Iker: «Pilota uztea ere pentsatu nuen; takoak ipintzen ordu eta piku pasa, frontoira heldu, eta bi minutuan berriro mina nuen».