GARA
BAIONA

1.930.000 euro banatuko dituzte aurten Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

Joan den ekainaren 23an Euskal Elkargoak euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortu eta euskararen aldeko hizkuntza politika zehaztu zuen lehen aldikoz.

Horretarako, Euskal Elkargoko arduradunek orain arte euskararen sustapen politikaz arduratu den egiturak, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), aurrerantzean zer paper jokatuko duen zehaztu beharko dute. Anartean, EEPk eta Gasteizko gobernuko Hizkuntza Sailak elkarlanean kudeatzen dituzten dispositiboen baitan aurten banatuko dituzten laguntzen berri eman zuten, atzo, Baionan.

Jarraitutasuna

Iazko diru funts bera aurreikusi dute euskararen garapena helburu duten Ipar Euskal Herriko eragile pribatuak laguntzeko. Hartara, aurten ere 1.930.000 euroko buxeta banatuko dute. Hezkuntza –orotara 460.000, horietarik 405.000 Seaskarentzat–, helduentzako formazioa –500.000 AEKrentzat–, aisialdia –234.000, horietatik 65.000 Bertsularien Lagunak-entzat (iaz baino 10.000 gehiago) eta 179.000 Uda Lekurentzat–, eta hedabideak –310.000 Euskal Irratiak-entzat– zehaztuko dituzte eremu estrategiko gisa. Alor horietako eragile nagusiak sostengatzeko 1.550.000 euro baliatuko dituzte eta beste 380.000 proiektu deialdiaren bidez banatuko.

Funtsaren kopuru nagusia (1530.000) EEPk ezarriko du, eta gainerako 400.000k, Lakuak.