GARA
BILBO

EGOk Stravinski eta Rakhmaninov joko ditu

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Igor Stravinskiren “Suzko txoria” (1945eko suitea) eta Sergei Rakhmaninoven pianorako eta orkestrarako 2. kontzertua interpretatuko ditu udako denboraldian. Arduradunek nabarmendu dutenez, panorama sinfonikoko «edertasun eta zailtasun handieneko programetako bat» da musikari gazteek interpretatuko dutena.

EGOk lau kontzertu eskainiko ditu udako denboraldian, Hondarribian larunbatean, eta Gasteiz, Donostia eta Bilbon, hilaren 22, 23 eta 24an, hurrenez hurren, 20.00etan. Kontzertuak prestatzeko, egonaldia egiten ari da Eibarren, Juan Jose Oconen gidaritzapean. Irakasleak, aldiz, Catalin Bucataru eta Christian Ifrim (biolina), Francisco Regozo (biola), Damian Martinez (biolontxeloa), Ander Perrino (kontrabaxua), Herve Michaud (haizea, zura), Rodolfo Epelde (haizea metala) eta Jorge Pacheco (perkusioa) dira.

EGOren xedea da musikari gazteek errepertorio profesionala izatea, programazio konplexu baten bitartez. «Gainerako hautagaiek dituzten aukerekin parekatzeko tresna pedagogikoak eskaini behar dizkiegu gure gazteei, ez baitago merkatu hain gogor eta orokorrean lehiakorrak izateko beste modurik», adierazi dute orkestraren arduradunek.