Oihane LARRETXEA
BERRIATUA
ARLO SOZIOEKONOMIKOA EUSKALDUNTZEN

Cikautxo eta euskara, gure hizkuntza enpresan txertatzeko «xirimiria»

Hizkuntza-politika plana 2013an onartu zuenetik, Berriatuko Cikautxo enpresak urrats ugari egin ditu euskara lantegian sustraitzeko. Langileen %82k euskaraz badakite, eta ez dakitenei bitartekoak ematen zaizkie ikas dezaten. Afixak, batzarrak, bezeroei harrera… kate osoa euskalduntzea prozesu luzea da, baina aurrerapausoak nabarmenak dira.

Cikautxo enpresak Berriatuan ditu jatorrian sustraiak, baina presente dago Zaragozan, Errumanian, Mexikon, Ameriketako Estatu Batuetan, Indian, Txinan zein Eslovakian, besteak beste. Lea-Artibai eskualdeko egoitzan bereziki autogintzarako piezak egiten dituzte, baina garbigailuetarako ere ekoizten dute. Medikuntzan lehen urratsak egiten ari dira eta haurren jolas parkeetako lurrak ere sortzen dituzte. 730 langile daude bertan, eta %82 inguruk badakite euskaraz. Eta ez dakitenei gure hizkuntza ikasteko erraztasunak ematen dizkie enpresak.

Kontseiluaren eskutik, bisita antolatu zuten atzo fabrikara. Helburua, enpresa bizkaitarrak egunerokoan euskara sustatu eta langileen artean elikatzeko baliatzen dituen planak eta metodologiak bertatik bertara ezagutaraztea.

Ingelesa eta euskara

«Bageinke» du izena euskara batzordeak, eta bederatzi pertsonak osatzen dute. Abiatu zenean, lehen hausnarketa honakoa izan zen: «Zer bultzatu nahi dugu, Cikautxoko euskara politika edo Cikautxoko hizkuntza politika?», azaldu zuen taldeko Ramon Mendigurenek. Bigarrenari heldu zioten. 2013. urtea zen.

Nazioarte mailan jarduera garrantzitsua duela aintzat hartuta, bi dira negozioetarako baliatzen dituzten hizkuntzak: ingelesa eta euskara. Herrialdeen artean komunikatzeko lehenengoa baliatzen dute, baina ondoren «tokian tokikoa» nagusitzeko hautua egin zuten. Hautu argia.

Gaztelaniaren eta euskararen arteko aukeraketa egitea, ordea, ez zen edonolako koska, onartzen dute. Langileen %80 euskaldunak dira, inguruak ere hori asko errazten duelako, baina ohitura batzuk beste kode batean egituratzen dira: aktak, batzarrak, bilerak, bezeroari harrera… «Erdara ez zen desagertu, baina lehentasuna euskarari eman genion», dio Gotzon Juaristik, euskara batzordeko kidea hau ere.

Fabrika barruan beharginak eguneroko zereginetan ikusten ditugula, zarata eta kautxu usainaren artean, ia ezinezkoa suertatu da gaztelaniazko kartelik topatzea. Paisaia linguistikoa aldatzea ere prozesuaren parte da.

Hurrengo urratsa prozesuetan hizkuntza politika txertatzea izan zen. Lanpostuak eta bakoitzari dagokion hizkuntza maila identifikatuak dituzte Cikautxon. Euskara maila ere identifikatua dute. Juaristik azaldu duenez, sei hilean behin perfilaren balorazioa egiten da, hizkuntza barne. «Enpresara ailegatu den jendea, eta erdalduna dena, animatu egin da euskara ikastera, eta ez da inor horregatik atzera bota», diote pozarren batzordeko kideek.

Langileen hizkuntza aberastasuna sustatzeko, ingelesa, frantsesa, alemana eta euskarazko klaseak eskaintzen ditu enpresak. Astean bitan, ordu eta erdiz. Doakoak dira eta asistentziaren %75 betetzea derrigorrezkoa da ebaluazioetan aurrera egiteko. Jartzen diren bitartekoen aurrean langileari ardura eskatzeko modua da. 2010ean ekin zioten klaseak emateari eta gaur egun bost talde daude; guztira hogei pertsona ari dira euskara ikasten maila ezberdinetan. «Hizkuntza politika enpresa politika da, dena lotuta dago», uste du Mendigurenek.

Zentzu horretan, «euskara beharrezkotzat» jotzen dute Berriatuko lantegian. «Promozio edo postuen aldaketen kasuan dauka soilik eragina. [Euskara ezagutzeko] derrigortasuna aldaketa kasuan» soilik exijitzen dute.

Apurkako prozesua

“Bikain” urrezko ziurtagiria birritan jaso dute, baina errekonozimenduak «akuilu gisa» hartzen dituzte, «positiboak dira non zauden kokatzeko, egiten ari zarena eta oraindik egiteke gelditzen dena zenbatekoa den baloratzeko», diote.

Euskaraz bustitzeko aurrekontua «garrantzitsua» da, milaka eurokoa, eta horrela pixkanaka gauza handiak lortzen ari direla uste dute. «Hau xirimiria bezalakoa da, ez da bat-batean bustitzeko, apurka egiteko prozesua baizik; jendeak edukiak eta aldaketak barneratzea da benetan baliotsua». Eta ari dira.

Software, máquinas y un diccionario técnico

El comité de euskara, formado por nueve personas, se reúne una vez al mes para hacer una valoración y el seguimiento de un proceso, el de la euskaldunización de todo el sistema, que es continuo, según afirman. Por ejemplo, la documentación en papel está traducida; no ocurre lo mismo con el formato electrónico. «Es una tarea que no tiene fin».

Los software de los sistemas vienen por defecto en euskara, y tienen pendiente por valorar en qué porcentaje mantienen los trabajadores después los operadores en esta lengua. Las máquinas también operan con ella, y están trabajando para que en las relaciones con los proveedores se haga otro tanto. Esta no es una cuestión muy sencilla, dado que sus mayores distribuidores son empresas extranjeras, salvo servicios puntuales. Cuentan, además, con un diccionario técnico propio que una profesional completa de forma ininterrumpida. O. L.