GARA
Sega

Asteasuko finaleko lau segalariak, erabakita

Guztira 11 segalarik parte hartu zuten atzo Aiako Andatza auzoan, Aristerrazuko belardian, jokatutako Euskal Herriko Segalari Txapelketako kanporaketan. Belardia oso egoera onean zen: belar mardul, tente eta aski gozoa izan zuten lanerako. Inolako aitzakiarik ez, beraz.

Bi multzotan banaturik jokatu zen kanporaketa. Lehendabizi, Julen Gabirondo, Eneko Bilbao, Andoni Goikoetxea, Iban Pardo, Inigo Merkader eta Jon Otegi, gazteena, aritu ziren. Lehen multzo horretan aurreneko bi postuak lortzea aski estua izan zen. Gabirondok lasai lortu zuen, baina bigarren posturako Goikoetxea eta Pardoren arteko dema ikusgarria izan zen. Bost kilo gehiago ebakita Goikoetxeak lortu zuen finalerako txartela. Jarraian, Otegi, 21 urteko oiartzuarra, geratu zen.

Bigarren multzoan, emaitzak estuagoak izan ziren. Irabazlea Jokin Etxeberria izan zen, eta bigarren postua Igor Esnaolak eskuratu zuen. Baina ikusi zer-nolako emaitza ordu erdiko lanaren ondoren: Esnaolak 1.403 belar kilo ebaki zituen eta Jesus Mari Hormaetxea Urki 1.401,5 kilorekin gelditu zen.

Gauzak horrela, abuztuaren 5ean, 12.00etan, Asteasun jokatu beharreko finala guztiz erakargarria izango dela esan daiteke. Ordubeteko lana izango dute. Faboritoa Etxeberria izango da, baina, erne, indarrak berdindu samar ikusten baitira.

Gaztedi, sokatiran nagusi

Lau kategorietan neurtu dira sokatiran eta guztietan Laukizko Gaztedi A izan da garaile. Orain, Gaztedik, Goiherrik eta Mutrikuk segi egin beharko dute serio lanean, Hego Afrikako zita irailaren amaieran izango baitute.

Honi buruzko guztia: Sega