Izerdia bota behar, baina San Juan nagusi Orion ere

Bezperan baino dezente izerdi gehiago bota behar izan zuen atzo eguerdian San Juanek, baina Euskotren Ligako zortzigarren estropada ere etxera eraman zuen. Bigarren luzeko hasieran Oriok bi segundoko aldea ere atera zion bere aurkari garaiezinari, baina ez zen kapaz izan abantaila horri eusteko.
Orioko estropada eremu berria estreinatu zuten Euskotren Ligako taldeek, baita ikuskizun polit askoa eman ere. Hirugarren postuaren lehian, Donostia Arraun Hondarribia baino askoz hobeto moldatu zen, eta, badirudi, gauzak asko aldatu ezean, mailari eusteko kapaz izango direla donostiarrak.
Alabaina, San Juanek estropada gehienetan erakutsi ohi duen nagusitasunik ez zuen atzo izan, eta horrek emakumeen estropadari gatza eta piperra jarri zizkion. Nadeth Agirre patroiaren aginduetara, “Txiki” traineruak estu hartu zuen San Juan. Normalean “Batelerak” trainerua aurreneko luzean gailentzen da, eta ziabogaren ostean nahikoa izan ohi du abantaila eustearekin. Atzo ere aurretik zen lehenengo luzea amaitzerakoan, baina Oriok branka sartu zion bigarrenaren aurreneko paladetan.
«Hauxe da momentua!», zioen Nadeth Agirrek, zarata batean. Unetxo batez ia traineru bete aurreratu ziren oriotarrak, baina San Juanek ez zuen patxada galdu eta buelta eman zion lehiari.
ETE Liga
Tolosaldeak egundoko sorpresa eman zuen ETE Ligako laugarren estropadan. Lau segundoren barruan sailkatu ziren denak eta Arraun Lagunak liderra laugarren izan zen. Dena den, donostiarrak lidergoan dira, 32 punturekin, Deustuk baino bat gehiago.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
