Hondarribiak txinpartak atera dizkio laugarren kaleari
Gipuzkoarrak nagusi izan dira hasieratik, nahiz eta Urdaibai oso gertu izan. Ondarroa hirugarren izan da eta San Pedro laugarren.

Hondarribiak bosgarren aldiz irabazi zuen Euskadiko Traineru Txapelketa atzo Lekeitioko uretan. Gipuzkoarrek estropada bikaina egin zuten, hasieratik bukaeraraino aurreneko postuari eutsiz, eta Urdaibai azken txanpan asko hurbildu zitzaien arren, berdeek orain bi urte eskuratutako azken titulua errepikatzea lortu zuten.
Metro eskaseko olatuekin eta ipar-mendebaldetik indar askorik gabe jotzen zuen haizearekin, itsaso zabalean estropada ederra ikusteko osagai guztiak zituen atzoko egunak. Kaleen artean onena erabakitzea ere ez zen erraza: orokorrean aurreneko biak nahiago izaten dira, baina aurreko asteburuan, KAE-1 Ligako norgehiagokan, argi geratu zen laugarrenetik ere marka apartak lortu daitezkeela.
Aurreneko txandan Ondarroa, San Pedro, Isuntza eta Donostiarra irten ziren, eta ondarroarrak, aurreneko kaletik, nagusi izan ziren lehen paladatik. Igandean Santurtzin azken postuan amaitu eta gero, bazuten Iñaki Errastiren mutilek arantza hori ateratzeko gogoa, eta baita lortu ere. San Pedro, bigarren kaletik, saiatu zen bizkaitarrengana hurbiltzen –azken txanpa eder batekin lau segundora sartu ziren–, baina ezin izan zuten «Antiguako Ama» harrapatu.
Donostiarrak, Eusko Label Ligan beste aurkariak baino hobeto kokatuta egon arren, gehiago sufritu zuen laugarren kaletik, eta bigarren ziabogarako ia aukerarik gabe zegoen, 10 segundora. Eta Isuntza, etxeko taldea –KAE Ligako bakarra– atzerapena pilatzen joan zen apurka-apurka, 10 bat segundo luze bakoitzean. Gauzak horrela, Ondarroak ezarritakoa, 20:15.44, zen hobetu beharreko denbora.
Bigarren txandan irten ziren oilar nagusiak: Urdaibai lehen kaletik, Orio bigarrenetik, Zierbena hirugarrenetik eta Hondarribia laugarrenetik. Eta hain zuzen ere «Ama Guadalupekoa» izan zen nagusi hasieran inork nahi ez zuen kale horretatik.
Orbañanosen kuadrillak hasieratik hartu zuen estropadaren burua, baina aldeak ez ziren handiak: aurreneko ziabogan bi segundo Urdaibairi eta Oriori, eta lau Zierbenari. Baina oriotarren arazoak hortxe hasi ziren, maniobra ez zelako batere ona izan. Bigarren biraketan aldea sei segundokoa zen bermeotar eta oriotarrekiko, eta 11koa Zierbenarekiko. Eta Orio ziabogetan asko sufritzen: hirugarrena arraun txikirik gabe.
Baina txanda bereko aurkariez gain, Hondarribiak beste erronka bat ere bazuen aurretik, lan erditan Ondarroaren denbora ez zutelako hobetu. Horregatik edo, hirugarren luzean beste martxa bat gehiago sartu zuten Hondarribiak eta Urdaibaik, eta argi ikusi zen txapelketaren irabazlea bien artean egongo zela.
Bermeotarrek ez zuten amore eman azken paladara arte, baina Hondarribiak, laugarren kaleari zuzen eutsiz, merezita bereganatu zuen bere Euskadiko bosgarren titulua. Urdaibaik hiru segundora amaitu zuen, eta Zierbenak azken txanpan Oriori aurrea hartzea lortu zuen, hori bai, biak Ondarroaren eta San Pedroren atzetik sailkatuz.
«Hasieratik oso ongi irten gara. Ikusten da ontzia oso azkar dabilela eta agian kalea onena ez izan arren, lan bikaina egin dute arraunlariek. Aurkariek asko estutu gaituzte eta nik uste gakoa burua ez galtzean egon dela, gure arraunketan bakarrik pentsatu eta amaierara arte horri eutsi», nabarmendu zuen Ioseba Amunarriz patroiak bere bosgarren Euskadiko Txapelketa bereganatu ondoren.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
