Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Orriak pasatzean…

Abuztua. Eguraldia: bero sapa gure inguruan, egunotan behintzat. Plazetako hainbat termometrotan merkurioa izerdi flotan. Satorrak gerizpean ari dira orain lanean, gauez. Egunez hondartzako hareak oinez gainezka. Ohikoa, halakoetan. Eta jaiak, nonahi, santu bat edo beste aitzakia dela, jai. Zazpiak bat! Bide asko falta da oraindik horretara iristeko, eta bidaide gehiago ere, baina, bitartean, «zazpiak bat!» oihu egin eta elkarrekin aritu dira, aurton ere, iruindarrak Baionan, orain gutxi baionarrak Iruñean egin legez; festan batak, bestan besteak. Jakin badakite ozeanoek nondik heltzen zaizkien plastikoak! Mon Dieu!

Tira, albisteen orrira! Nafarroako herri batean izan da, zer gertatu eta kaletarrak ikaraturik, nonbait zezen suhar bat ari baitzen ingurutik mehatxuan. Bai zera! Zezen disekatua ei zen! Zenbat ez ote dira halakoak Espainiako zezenbide-estatuan, mehatxuan ere! Amen. Egunkariko orria pasa eta, hara!, udako indusketa-lanak han-hemenka! Aurriak, aztarnategiak… gehienetan erromatarrak tartean. Bestelako indusketak sikiera urte osokoak izaten dira, errepide bazterretako hobietatik gorpuzkiak ateratzekoak.

Kulturara heldu eta hara! Jazzaldiak edonon, hemengo plazetan. Mediterraneoan, ostera, jazarraldiak hondartzetan; hori, jakina, ez dator kultura orrian, kultura asko falta dugun seinale. Hau mundu aldrebesa! Nazioartekoan irakurria, Frantziak betoa jarri diola “ñ” gizajoari. Akabo harremanak Españarekin! Aurrerantzean “Is pain” esango! Mon Dieu!

Bestelako gauzen orria. 3Dko gailuetan posiblea da armak inprimatzea, plastikozkoak baina hilgarriak edozelan ere! Batzuek nahi izango dute halako gailuetan demokrazia ere inprimatzea. Tira, nik hiru dimentsiotako Politika 4.0 dut nahiago, eta hori ez dago teknologiaren esku, udan ere ez.