Ricardo Ugarte de Zubiarrain, itsasoaren eskultorea
Eskulturan lehen urratsak eman zituenetik, itsasoa izan du iturri Ricardo Ugarte de Zubiarrainek. Tamaina handiko aingurez, mutiloiz eta brankez jantzi du bere unibertsoa, eta, uda honetan, munduaren bere ikuskera jarri du ikusgai Donostiako Untzi Museoan. Erakusketaren katalogoa ere argitaratu dute, «Itsasbide eskultorikoa» izenpean.

Itsasoaren abaroan, Pasai San Pedron jaio zen Ricardo Ugarte de Zubiarrain, 1942an. Gazterik erakutsi zuen artearekiko interesa eta hainbat diziplina dastatu ostean (marrazketa, grabatua, argazkilaritza eta poesia, besteren artean), eskulturak liluratu eta bere espresio bidea izango zela erabaki zuen. Abstraktuaren aldeko apustua eginda, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea eta Remigio Mendibururekin batera Eskulturaren Euskal Eskolan aritu zen, nagusiki tamaina handiko burdin eta altzairuzko eskulturak sortzen.
«Itsasoa beti egon da presente nire obran», hausnartu zuen Ugarte de Zubiarrainek Donostiako Untzi Museoan egindako aurkezpenean. Uda honetan, bere obrari eskainitako erakusketa biltzen du kai donostiarreko eraikinak, “Itsasbide eskultorikoak” izenpean. «Itsasoaren ondoan jaio izanak eragiten du, noski, itsasoari diozun atxikimenduan. Beti maite izan dut itsasoa, eta nire obran lehenbizi islatu ziren elementuak mutiloiak izan ziren, gero etorri ziren aingurak, brankak... guztiak ere itsasoari lotutako elementuak», zehaztu zuen.
Erakusketan, itsasoarekin lotutako sinbologia nabarmentzen zaien hainbat obra biltzen dira, tartean “San Pedroko branka” lana, erakusketako adierazgarrienetakoa. Pasaitarraren obran bereizgarri diren aingurak, mutiloiak eta brankak oso presente daude. Horietako zenbait espazio publikoan ezartzeko sortutako tamaina handiko eskulturen maketak edo erreprodukzioak dira, Ugarte de Zubiarrainentzat lehentasunezkoa baita bere obra jendartearekin harremanetan jartzea. «Niretzat funtsezkoa da eskultura kalean egotea, publikoarekin zuzeneko hartu-emanean, espazioa aldarazi egiten dutelako eskulturek, bestelako zapore bat ematen diote», zehaztu zuen. Pasaiako sarreran dagoen berak diseinatutako 20 metroko aingura jarri zuen adibide modura.
Untzi Museoko erakusketaren kasuan ere, obra bat atarian ezarri dute, aretora sartzeko premiarik gabe bisitariek Ugarte de Zubiarrainen obraren berri izan dezaten.
Katalogoa eta proiektu berriak
Erakusketarekin batera, eskultore pasaiatarraren lanak biltzen dituen katalogoa ere argitaratu dute, hau ere, erakusketa bezala, “Itsasbide eskultorikoa” izenpean. Katalogoan, besteren artean, sorkuntza prozesuaren gainean mintzatzen da Ugarte de Zubiarrain. «Sorkuntza prozesua prozesu mentaltzat hartzen dut funtsean: ideia bati buelta asko eman ondoren sintesia dator, eta, hortik abiatuz, forma desberdinetako hainbat aldaera egiten ditut, baina betiere obra osoaren oinarrian dagoen muinari eutsiz».
Katalogoak erakusketara eraman dituzten obren tamaina handiko argazkiak biltzen ditu, horien gaineko xehetasunak ematen dira eta hainbat testu ere biltzen ditu. Horren erakusle dira Ugarte de Zubiarrain beraren idatzi bat eta propio argitalpenerako bere emazte Julia Otxoak eta Maria Soledad Alvarez arte historialariak idatzitako testu bana.
Horrez gainera, erakusketan ikusgai dagoen bideo batean bere bizipenak kontatzen ditu eskultoreak eta ikus-entzunezko horretako zenbait pasarte ere ekarri dituzte katalogora.
Erakusketarekin zein katalogoekin, biekin pozarren azaldu zen Ugarte de Zubiarrain. «Pozik nago hemen egoteaz, Untzi Museoko ganbaran gainera, oso txoko berezia baita: erakusketari beste goxotasun bat ematen dio. Eta katalogoa zoragarri geratu da», ziurtatu zuen.
Eskuartean dituen proiektuez ere mintzatu zen eskultorea. «Herrikide dudan Blas de Lezori eskainitako eskultura bat amaitu berri dut, eta Pasaiako Udalak kokalekua noiz zehaztuko zain nago lanean jarraitu ahal izateko», azaldu zuen.
Erakusketan bertan ikus daiteke sei metro luze izango dituen eskulturaren maketa, «baina ez du guztiz bat egiten azken emaitzarekin, aldaera dezente izan ditu eta». San Pedron ezarriko duten obrak haize-oihal itxura izango du eta eskultura mugikorra izango da. «Haizearen norabidearen arabera mugitu egingo da; horrek haizearen indarraren araberako dinamismoa emango dio obrari. Alderdi teknikotik amaituta dago, falta den bakarra kokaleku zehatza jakitea da, lotura puntuak zehaztu ahal izateko. Uste dut bikain geratuko dela», azaldu zuen.
Ugarte de Zubiarraini eskainitako erakusketa irailaren 30era bitartean egongo da ikusgai Donostiako Untzi Museoan, asteartetik larunbatera (10.00-14.00 eta 16.00-19.00) eta igandeetan (11.00-14.00 eta 16.00-19.00). Astelehenetan museoa itxita dago. Ugarte de Zubiarrainen erakusketa amaituta, urrian, berritze lanak abiatuko dira Untzi Museoan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
