2018/08/07

Urkullurekin biltzeko eskaera egin dute Bizkaiko pentsiodunek

Donostian eta Bilbon pentsiodunek mobilizazioekin jarraitzen dute, eta, atzokoan, 1.080 euroko pentsio minimoa defendatu zuten. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea indarrean jartzeko asmoak aberastasunaren banaketan eta pentsioen arteko arrakala murrizten laguntzen ez duela ere ohartarazi zuten Bilbon. Bertan, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarekin eta Estatu espainoleko Lan ministro Magdalena Valeriorekin biltzea eskatu zuten.

GARA|DONOSTIA
0807_eko_pentsiodun

Bizkaiko pentsiodunentzat «insolidarioa eta baztertzailea» da Lakuak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea indarrean jartzeko azaldutako asmoa. «Aipatu neurriak Gizarte Segurantza deskapitalizatzen du, gizarte desberdintasunak areagotuz», ziurtatu zuten atzo Bilbon, beste astelehen batez eginiko mobilizazioan. Duela astebete Donostian ere ideia bera helarazi zuten erretiratuek.

Atzokoan, 35 gradu adierazten zituen termometroari aurre eginez, Bizkaiko pentsiodunek EAJri aurpegiratu zioten Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea eratzeko asmoak ez duela laguntzen aberastasunaren banaketan, eta ez datorrela bat ez interes orokorrarekin ezta belaunaldien arteko elkartasuna kontuan hartzen duen modelo publiko batekin. Horregatik, neurri horren alternatiba moduan erretiratuek tinko jarraitzen dute 1.080 euroko pentsio minimoa defendatzen: «Pentsio altu eta baxuen arteko arrakala ezabatzeko alternatiba bakarra da». Pentsiodunek gaineratu zutenez, aldarrikapen hori dagoeneko ukatu dute bai Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak bai EAJko kargudun batzuek. Ildo horretan, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Urkullu berarekin eta Magdalena Valerio Estatu espainoleko Lan ministroarekin biltzea eskatu zuen.

Pasa den astean Lan ministroak Estatuko pentsiodunen koordinatzailearekin izandako bileraren harira, Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak adierazi zuen ez zirela bertaratu «espresuki» gonbidatuak izan ez zirelako. Gainera, ohartarazi zuenez, «kortesiazko» bilera izan zen: «Hitz politak izan zituen ministroak, baina mami gutxikoak». Bide beretik, Fanok Urkullu lehendakariaren inplikazioa ere funtsezkotzat jotzen dutela azpimarratu zuen, pentsiodunen aldarrikapenei erantzutea Lakuaren erantzukizuna ere badelako, «eta ez bakarrik Madrilgo Gobernuarena».

Aterki berdeak Donostian

Donostian ere beroak ez zituen urtu pentsiodunen indarrak. Hala, aterki berdeen babespean manifestatu ziren erretiratuak, 1.080 euroko pentsio minimoa aldarrikatuz. Tenperatura altuak komunikatu ofiziala irakurtzea oztopatu zuen arren, Kontxa pasealekuan joan-etorria egin zuten pentsiodunek, Perlaraino.

Gipuzkoako erretiratuek ere guztiz beharrezkotzat jotzen dute gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea. Eta horregatik, horixe bera eskatzen zuen pankartarekin irten ziren kalera. Aurreratu zutenez, hurrengo astelehenean, abuztuak 13, atseden hartuko dute: «Izan ere, hilaren 17an barrikotea egingo dugu Saguesen eta bertan bilduko gara Donostiako Alderdi Ederreko Asanbladako Pentsiodunak, 11.00etatik 15.00etara».

Abuztuaren 20an ere Alderdi Ederren bilduko dira, baina oraindik zehazteke dute zer egingo duten. Azkenik, pasa den astean iragarri zuten legez, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin elkartuko dira abuztuaren 28an.

HAINBAT EKIMEN


Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Bilboko Aste Nagusirako «hainbat ekimen» antolatu ditu. Hitzordu nagusia abuztuaren 20an izango dute pentsiodunek.