Ainara Lertxundi
Kazetaria
IKUSMIRA

Lurreko minak, beste oinaze bat Saharan

Saharakoa, ahanzturan egon ohi den gatazka horietako bat da. Eta Tindufeko kanpalekuak erabat normalduta daude, bertan bizi diren gizon, emakume eta haurrak errefuxiatuak izango ez balira bezala, bertan beren borondatez egongo balira bezala eta ez gerraren eta beraien lurraldearen okupazioaren ondorioz.

Marokok lurralde okupatuen gainean ezartzen duen blokeo informatiboa erabatekoa da. Eta urteak joan urteak etorri, sahararrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dute, beren jaioterrira itzultzeko esperantzarekin.

Giza eskubideen urraketari dagokionez, ikerketa lan bikainak egin dira, horien artean Carlos Martin Beristain medikuak zuzendu duen “El fuego escondido”. Barreiatze-bonbek eta lurreko minek eragindako biktimen nahiz lekukoen testigantzak biltzen ditu, denetara 154. 1975. urtetik hona, 4.000 biktima baino gehiago eragin dituzte, hildakoen eta zaurituen artean.

Biktima horietako asko su-etenaren ondoren gertatutakoak dira, lurreko minek desertu zabalean ezkutatua jarraitzen dute eta.

Lehergailu mota horien ondorioak askotarikoak dira; anputazioak, oinaze kronikoa, mugikortasun gabezia, lesioak ikusmenean edo entzumenean edo beste organoetan...

Minak kentzea ezinbestekoa da, baita gatazka behin betikoz konpontzea ere. Sahararako Nazio Batuen mandatariak 2008tik izoztuta dauden elkarrizketak berriro hasi nahi ditu urtea amaitu baino lehen. Hala adierazi berri du. Albiste ona dirudiena orain gauzatu behar da. Nazioarteko komunitateak zorretan jarraitzen du sahararrekin.