2018/08/12

Inazio MURUA
Polisemia

Suerte txarra izan du Mikel Landak Tourrean. Ez dago jakiterik zer atarramentu izango zuen eragozpenik izan ez balu; edonola ere, aitortu egin beharra dago onenen artean ibiltzeko gai dela erakutsi duela berriz ere.

GARAk haren adierazpenak jaso zituen, haien artean nik nabarmenduko nukeen bat. Erorikoaren ondorioz bizkarreko minez zegoen, eta kazetarien galderei titular borobila (gutxi gorabehera) eman zien: «Me duele un huevo». Irudikatu ditut kazetariak elkarri begira : «Pero no era la espalda...?».

Lagun artean horretaz geniharduela, batek esan zuen horri polisemia esaten zaiola, eta beste batek: «Gaixoa, gero! Bizkarrekoa eta barrabilekoa gutxi bazituen, gainera gaixotasun arraro horietako bat...».

Polisemia esanahi ugaritasuna da. «Zer» hitzak, esaterako, edozein izen, adjektibo edo aditz ordezkatzen du, are esaldi oso bat. «Ostia» hitzak ere hamaika adiera ditu, «arraio»-k beste. Eta niri pasadizo bat gogoratu zitzaidan.

Nire lagun batek Cegasa enpresan lan egiten zuen aspaldi. Ez zuen ardura berezirik, baina ondo irabazten zuela esaten zuen maiz. Egun batean zenbat jasotzen zuen galdetzea okurritu zitzaidan, eta kopuru zehatza esan zidan:

–Pila bat.

Ez nekien enpresa horretan jenerotan ordaintzen zutela; edonola ere, egia esan, ez zitzaidan hainbesterainoko soldata iruditu.

Beste egun batean, lagun hori lankide batekin etorri zen kuadrillarekin afaltzera. Ez dakit zer kargu zuen lagun hark enpresan, ardura potoloren bat, nonbait, kontua da nire lagunak baino askoz gehiago irabazten zuela. «Gutxienez, hiru pila», pentsatu nuen nik. Berriro ere kuxkuxero, galdetu egin nion:

–Zenbat?

–Makina bat.

Handia bazen, lanak. «Tira, pozik badaude, bejondeiela», egin nuen neure artean.