Maider IANTZI
SU GAU BATEKO ISTORIOAK

ORDU ERDIZ KALEAK GAINEZKA, AMETS ERAGILE DIREN ARGI ETA SOINUEK DEITUTA

LEHENENGOZ UMETAN IZAN NINTZEN SUETAN. HELIOZKO GLOBO BATEKIN KONTENT OROITZEN DUT NIRE BURUA, TOPOAN, FAMILIAREKIN BATERA. HONDARTZAN JARRI GINEN ETA GOGOAN DUT AMARI EZ ZITZAIOLA SOINUA BATERE GUSTATU. BIGARREN ALDIA LAGUNEKIN IZAN ZEN, TXALUPA BATEAN KULUNKAN.

Hirugarrenez noa orain Donostiako su gau bat bizitzera, aspaldiko partez. Kontxako hondartza edo, bertzerik ez bada, barandilla helburu.

Gauza handien beharrik gabe gustura sentitzen naizen gau horietako bat da, askatasuna dastatzen ari naiz eta irriz noa bakarrik. Pentsamendu horietan nabil kotxe batetik leihatila jaitsi eta oihu egin didatenean, lore pozoitu bat jaurtiz. Amorrua irentsi eta aitzinera.

Autobusa hartu dut Antiguan, ustez garaiz, baina Londresen jaitsi naizenerako gainezka daude kaleak eta ezin da aunitzik mugitu. Sigi-saga noa jende artetik, zirauna bezala, itsasotik ahalik eta hurbilen ailegatu nahian, hesi batek gelditu nauen arte. Bi izozki denda daude hemen, sekulako ilara luzeekin. Lurrean bokata bat afaltzen ari dira aunitz eta gauza bera egitera noa ni ere. Bertze lagun pila bat zutik dago, zeruari begira zain-zain.

Denetariko herritarrak daude. Familia aunitz umeekin, bikoteak, lagunak… Adin guztietakoak. Gau epela da eta ongi egoten da. Oskarbi dago, izarrak ageri dira. Lehenengo eztandekin batera hasi dira oihuak. Zeruaren alde batean piztu dira aurreneko suak, gero bertzean. Alde batera eta bertzera mugitzen dira buruak, kaio baten hegaldiak moztu duen ostertzean.

Jendeak soinua maite du

Palmondo tipikoez gain, bertze forma batzuk ere marrazten dira hor goian. Ohitura faltagatik izanen da beharbada, baina soinua itzela iruditu zait eta ikara eman dit. Baina ohartzen hasi naiz suen zaleek hain justu hori maite dutela eta horri jotzen diotela txalo.

Gora ihes egiten duten eta bidean kolorez aldatzen diren suei so hipnotizatu naiz: txuria, laranja, horia. Gero gorria, arrosa, berdea. Halakoa da intentsitatea begiak itxi ditudala momenturen batean. Batzuk zume negartia bezala erortzen dira. Bertzeak goiti ateratzen dira determinazio guziarekin, edo alde guztietara aldi berean joateko ahalmena dute.

Banaka pasatzen dira batzuk, taldean bertzeak. Eta joaten direnean kea uzten dute, hainbat formatako hodeiak. Zerua keinuka ari zaigu. Kolore ezberdinetako argi ttikiak jostetan ari dira. Kiribilak sortzen dituzte. Bat-batean ipurtargiak agertu dira eta «oooohhh, ze politak!» txunditu dira ikusleak.

Zarata itzela sortu da berriro eta izutu naiz pixka bat, eskua sabelera joan zait. Jendea mugitzen hasi da. Ez naiz konturatu azken traka zenik. Agudo pasatu zait ordu erdia, hasieran luze iruditu arren. Hesiak itxita segitzen du eta altuera batean eserita ingurura begira jarri naiz: jendea igaro eta igaro, ez da inoiz bukatzen joana. Karrika guztiak beteta daude. Ikusgarria da.

Hesiaren kontra jarria dagoen familia batek azaldu didanez, zezensuzkoa hasiko da aurki, baina lehenago suhiltzaileek lurra garbitu behar dute eta horregatik ezin da oraindik toki batzuetan ibili.

Granadako Esteban Martin Pirotekniak estreinatu du Su Artifizialen 55. Nazioarteko Lehiaketa. 1895ean sortutako familia enpresa honetan belaunaldiz belaunaldi joan dira tradizioa transmititzen eta berritzen. Gaur egun, aitzindari dira teknologian eta etengabe ari dira ikertzen, argi, kolore eta soinuz osatutako une ederrak eskaintzeko asmoz.

Azken traka, «motela»

Ikuskizun bizi eta zaratatsua iragarria zuten Aste Nagusiaren lehenbiziko gauerako. Maider eta Markel Orioko ama-semeentzat, ordea, motela izan da traka. «Guri soinua gustatzen zaigu –diote aho batez–. Zenbat eta gehiago, hobeto». Maiderrek Donostian lan egiten du eta orain 11 urte dituen Markel txiki-txikia zenetik etorri dira suak ikustera. Batzuetan horretara espresuki, bertzetan egun pasa edo arratsalde pasa.

«Egunotan lan egin behar dut, baina ahal dugun guztietan etorriko gara», agertu du Maiderrek. Gehien gustatzen zaien ekitaldia dira suak. Topoan egiten dute bidaia zenbaitetan, baina, nahiz eta maiz egoten den, bete eta ilarak sortzen dira eta «erosotasunagatik» kotxea hartzen dute batzuetan.

Zezensuzkoaz gozatu eta etxera bueltatuko dira. Zezen hauek berriak dira. Xabier eta Benito Garate artisauek egindako figura ederrak dira, 11 eta 13 kilo artekoak. Orain arte erabiltzen zirenak ez ziren denak berdinak. Batzuek aunitz pisatzen zuten eta zaila zen mugitzea.

Gustura noa ni ere su gaua dastatuta, harritua lehiaketak ze jendetza mugitzen duen ikusita, nola ateratzen diren denak kalera ordu erdi horretan –beraz, bokata eskatzeko tarte aproposa da 22.45 eta 23.15 artekoa– . Eta frogatu dut familiek topoan itzulia egiten segitzen dutela, heliozko globoekin.