2018/08/19

Inazio MURUA
«Kristau» garaikideak

Esan egiten da, baina gaur egun ez da erabiltzen «háblame en cristiano» esamoldea. Antzinako kontua da. Gaur egun adierazpide hori zuen pentsaera... lehengo bera da. Baina askotariko esapideak ditu. Ostegunean Bartzelonan entzun ziren batzuk: «¡En castellano!». «¡En español!». «¡Arriba España, cabrones!».

Euskal Herrian noiznahi entzuten diren bakan batzuk ekarri ditut lerrootara, denak egiazkoak eta hitzez hitz kontatuak.

Honako hau oso ohikoa da taberna edo denda batean euskaraz eskatutakoan. Aurpegi errukibera –handiustea, alegia– jarrita: «Como no me hables en castellano…», hanka sartu bazenu bezala, non zauden ez bazeneki bezala.

Bigarren hau «por mis cojones» motakoa da:

–Bi ardo eta…

–Háblame en castellano, dos vinos y…?

Antzekoa da beste hau, baina arriskugarriagoa, hausnarketarako aukera ematen du eta:

–Bi kaña eta kaña bat gaseosarekin.

–Dímelo en español.

–Bale. Bi kaña eta kaña bat gaseosarekin.

Badakizue zer atera zion? Bi kaña eta kaña bat gaseosarekin.

Azkena «poliglotarena» da:

–Zurito bat.

–¿Y si yo te hablo en guaraní?

Erraz zuen erantzuna: «Sí, por favor». Baina ulergarria da horrelako ezustea entzunda hitzik gabe geratzea.

Inork ez du esaten «no sé euskera». Aitzitik, uste dute, hala uste izatea komeni zaie eta, ezjakina euskaraz, katalanez edo espainola ez den hizkuntzan mintzatzen dena dela, ez espainolez soilik aritzen dena.

Arabiera, txinera, swahili edo ulertzen ez dituzten hitzak entzutean honelakoak esaten dituzte: «aquí se oye de todo menos castellano». Eta ni hurbilago sentitzen naiz «denetatik» hitz egiten duten atzerritar horiengandik gaur egungo «kristauengandik» baino. Edonola ere, hurbilago nago, horiek hortxe jarri nautelako.