Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Macronen epistokrazia

Platonen ustez bost eratako gobernuak zeuden: monarkia, timokrazia, oligarkia, demokrazia eta tirania. Funtsean bere hiri ideala aristokrazian edo meritokrazian oinarritua zegoen. Gerora, XIX. mendean John Stuart Mill-ek ere antzeko zerbait defendatzen zuen, unibertsitate diploma zuten herritarrei boto gehigarri bat ematea proposatzen baitzuen, hau da, herritar jakintsu edo jasoen iritziak gehiago balio du, ez dakitenen edo ikasketarik ez duten herritarren aldean.

“Against Democracy” (Demokraziaren aurka) liburuan Jason Brennan politologoak aipatzen duen gisan, jakintsuen edo teknokraten gobernua, hau da epistokrazia, indarrean dator berriro, jendartea bitan banatu eta gobernua jakitunen eskuetan utziz. Jendeak uler dezan res publica-ren kontuak jakitunen kontuak direla.

Frantzian, Macronen gobernua epistokraziaren gobernua dela nabarmena da, agintean urtebete egin ostean Napoleon txiki baten antzera kudeatzen baitu herrialdea. Jende kulturagabeari bide zuzenaren argia ekartzen dio, izan ere, frantziarrak «alferrak» eta «bordelikoak» dira, «ez dute deus balio» haren esanetan.

Macron presidenteak estatu probidentziala ezarri eta Frantzia eredu bilakatu nahi du Europa osoan; kapitalismo popularra bezalako kontzeptuak asmatu ditu, ez da ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa, ez da ez errepublikanoa, ez prepolitikoa edo postpolitikoa; txikikeria kontuak dira horiek guztiak, bera guztiaren gainetik dago, Frantziako nagusia da eta Putinen bidetik botere guztia nahi luke berreskuratu Senatuan eta Asanblean egin nahi dituen erreformak baliatuz.

«Benalla auzia» dela eta zentsura mozio bat gainditu behar izan duen presidenteari aberatsen presidentea deitzen diote eta aurrerantzean Macron epistokraziaren ikaslerik hoberena bilakatuko da. Kapitalismo popularraren izenean estatu eredu soziala deuseztatuko du deus balio ez duten herritar alferren onerako.

Politika gauza serioegia baita ezer ez dakitenentzat.