Alberto Matxain
IKUSMIRA

Orain presoak

Gaur duela sei urte Iosu Uribetxebarria gose greban zegoen, Donostia ospitalean preso, hilzorian. Berarekin batera 500 kide inguruk gose greba egin genuen, borrokaldi espontaneo eta masiboan. Eperra espetxetik atera zen eta urtebetera Europako Giza Eskubideen Auzitegian 197/2006 doktrina garaitu eta 60 kide kaleratzea lortu genuen. Hilabete lehenago Eloy Velasco epaileak Herriraren jarduera suspenditu eta Guardia Zibilak 18 kide atxilotu zituen, herri eragile ahaltsuaren ziklo laburra itxiz. Gaurdaino ez da egon Herriraren indar militantea zuen eragilerik presoen aldeko borrokan.

Eperra 2015eko urtarrilean hil zen. Geroztik Kepa, Belen eta Xabi bidean gelditu zaizkigu eta 272 kidek preso jarraitzen dute, batzuk urgentzia handiko egoeran.

Emaitzak iristen hasi dira, ederki kostata. EPPK-k etxeko lanak eginak ditu, eta horri eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritza instituzional eta sozial bateratua Justizia Ministerioarekin garatzen ari den harremanari esker frantzian preso dauden kideen erdiak Euskal Herritik hurbil daude.

Mugaren beste aldean, maiatzean inor gutxik espero zuen orain Pedro Sanchezek Rajoy botako zuenik. Baina gertatu zen, eta egoera berriak Foro Soziala eta Sare ere etxeko lanak eginda harrapatu ditu. Eragile hauen lanari esker Hego Euskal Herriko instituzio, alderdi politiko eta sindikatu nagusiek urrunketaren, larri gaixo dauden presoen eta gradu progresioaren esparruetan pausoak eman beharra adierazi dute. Abiapuntu bat da.

Orain ikusi behar Sanchezen gobernua noraino dagoen prest joateko, noraino garen gai mugitzeko. Horiek dira kalean ditugun etxeko lanak.