Beñat Zaldua
Kazetaria
JO PUNTUA

«Egia ez da egia», baina hildakoa benetakoa da

Komatxoen artekoa Rudy Giulianik bota zuen, Trumpen abokatuak. Gaia «Rusiagate» ikerketa zen, eta kazetariaren galdera ea zergatik presidenteak ez duen deklaratzen. «Baina egiaren bere bertsioa emanen zuen, ez egia bera», abokatuak. Kazetariak, aho bete hortz: «Baina egia, egia da...». «Egia ez da egia», Giulianik.

AEBetatik Cornella-ra, egia zer den kolokan ikusi genuen astelehenean ere. Bai, Abdelouahab Taib labana batekin sartu zen komisarian «Allahu Akbar» oihukatuz. Beldurra emateko modukoa imajinatzen dut unea. Ez dago Taib errugabetu beharrik polizia katalanaren proportzionaltasunaz eztabaidatzeko; ezta atentatu terroristaren definizioaren aurrean alarmak pizteko ere.

Errealitatearen konplexutasuna ukatzeko formula magikoa izan ohi da terrorismoa, baita kohesio soziala bermatzeko eta normalean onartuko ez liratekeen neurriak hartzeko ere. Ongi dakite sindikatu polizialek: hildakoa erasotzailea izan arren –alegia, Mosso-ek beren burua defendatu ahal izan zuten–, eskaera orria ateratzeko aprobetxatu zuten.

Baina, sorpresa. Taiben emazte ohiak ahoa ireki eta danba, lehenengo bertsioa hankaz gora. Haren arabera, Taibek bere buruaz beste egin nahi zuen, eta komisariarena aitzakia baino ez litzateke, bide batez bere komunitatearen aurrean bere burua zuritzeko. Sakonean, eta hemen dago drama, jasanezina zitzaiolako bere homosexualitatea publiko egitea. Ez dakigu zein den egia, eta ez dugu, agian, inoiz jakinen. Baina emakumearena bertsioa sinesgarria da, poliziarena bezainbeste gutxienez. Edo gehiago. Beraz, onar dezagun hipotesi bezala eta jarrai dezagun: terrorismoaren xedea baldin bada beldurra ezartzea, nola deituko diogu Taiben terroreari? Nolakoa izan behar zen beldur hori nahiago izateko komisarian hil gertukoen artean homosexualitatea onartu baino? Hitzek esanahia galtzen duten garaiotan, egia agian ez da jada egia, baina Taiben heriotza benetakoa da.