Asier ROBLES
BILBO
Elkarrizketa
OIHANA BARTRA
bertsolaria

«Oro har publiko nahiko fidela izaten dugu»

Aste Nagusiko egun guztietan bertso saioak izaten dira Bilboko Santiago plazan, 13.00etan. Oihana Bartra bertsolari bilbotarra egunero egoten da bertan, batzuetan entzule bezala eta besteetan bertsolari gisa. Gaurkoan Miren Amuriza eta Alaia Martinekin batera arituko da bertsotan.

Egunak pasa ahala, gogorragoa egiten al da eguerdiro Santiago plazan egotea?

Bezpera nola joan den arabera, egun batzuetan bai... Baina, aldi berean, ni egunero saiatzen naiz bertatik pasatzen, oso giro ona egoten delako. Hori bai, bezperako gaua noraino konplikatu zaizun arabera, batzuetan gogorra egiten da joatea.

Ez al duzu uste Aste Nagusiko bertso saiook atzerritarrentzat beste erakargarri turistiko bat gehiago bihurtu direnik?

Ba ez dakit, ez nuke hori ere esango... Gehienbat Bilboko eta inguruko bertsozaleak gerturatzen direla esango nuke.

Bertsolarien kartelean berrikuntza ugari izaten dira. Bertso saioetara hurbiltzen den jendearen artean?

Beti egoten da jende berria, batez ere saioak inguruan harrapatzen duen jendea; saioaren berri ez izan arren, entzuten geratzen dira asko. Baina, oro har, publiko nahiko fidela izaten dugula esango nuke.

Santiago plaza leku perfektua bilakatu al da bertso saioetarako? Edo, agian, leku hobeagoren bat aurki daiteke?

Ez dakit leku perfektua den edo ez. Beharbada, Bilbon leku hobeagoren bat egongo da, baina egia da azken urteetan leku erreferentea bilakatu dela Santiago plaza; bertsozale guztiek dakite Aste Nagusian zehar egunero hitzordua dutela bertan 13:00etan, eta, zentzu horretan, leku perfektua dela uste dut.

Bertso saioez aparte, jaietako ekitaldiren bat ba al duzu bereziki gogoko?

Bakarra ez nuke esango. Oro har, nire ustez, konpartsek antolatzen dituzten ekitaldi eta ekintza guztiak dira Bilboko Aste Nagusiak daukan indargunerik handiena.

Zein izan zen Bilboko alkatea Santiago plazako bertso saio batean ikusi zenuten azken aldia?

Ba nik behintzat ez dut inoiz Santiago plazako bertso saioetan ikusi, eta urte asko daramatzat Aste Nagusian bertan egunero egoten! Hala ere, ez dut faltan ere botatzen.