2018/08/24

Gotzon Elizburu
Kazetaria
Arrain begirik ez
Ikuspuntuak eta iritziak aldatu ditut zenbait gauzatan baina beti ipar bat izanik kezka: nola egin aurrera gure herri demontre hau askatzeko bidean, gazteriarengan begi bat jarrita beti

Hastea da kontua» idatzi nuen 2014ko martxoaren 14an “Jo Puntuan”. Lau urte eta erdi pasa dira ia konturatu gabe, ziztuan. Amaitzea erabaki dut eta idatzitako guztiak ez ditut gogoan noski. Baina bereziki gogoan izan dut lehen zutabe hura [https://labur.eus/lWsFO]. «Haztea ere bada kontua. Iritzi heldu eta uste handikoak bota barik, konpartituz sortu eta haztea. [...] Jakintza konpartitu, entzun (sarri askotan ahazten badugu ere fundamentala dena), hausnartu, eztabaidatu eta haztea» idatzi nuen orduko hartan, eta jarraian honako hitzak ere atera zitzaizkidan: «Egia osoa duen inor ez baita existitzen eta hori da ia ziurtasun osoz baieztatzen dudan egia bakarra. Hanka sartzeko lizentziarekin jokatuko dut, naski».

Atzera begiratuta, lau urteotan hazi naizela zalantzarik ez dut. Heldu ere bai (ez adinez soilik). Ikasi dut, desikasi ere bai. Ikuspuntuak eta iritziak aldatu ditut zenbait gauzatan baina beti ipar bat izanik kezka: nola egin aurrera gure herri demontre hau askatzeko bidean, gazteriarengan begi bat jarrita beti.

Hanka ere sartu dut noiz edo noiz, seguru, behar beste landu edo hausnartu gabeko iritziak arinkeriaz botata, baina hanka sartzeko lizentzia neureganatu nuenez, ez dit lo askorik kendu horrek zorionez.

Hasiera berririk ez dakar, ordea, amaiera honek. Tarteak ere behar izaten dira noizbehinka, burua oxijenatzeko. Azken boladan neure burua agortu xamar sumatu dut. Zutabeei behar besteko denborarik dedikatzeko astirik gabe, ardurak eragindako eguneroko zurrunbilotik begirada altxatu eta hausnarketa onduek behar duten besteko arrain begirik gabe.

Honaino beraz. Laster arte bat da hau. Eskerrak eman nahi dizkizut zuri, irakurle. Zuetako batzuek kalean gelditu izan nauzue zutabea komentatzeko, galdezka... zoriontzeko gehienetan. Iritsi ez zaidan kritika txarrik ere izango da seguru. Baten batek esan dit astuna naizela eta lehen parrafotik aurrera ezin izan duela irakurri. Aupa hi! Eskerrik asko GARAko lantaldeari ere. Zoragarriak zarete. Muxu bana guztioi eta goraintziak etxean.