2018/08/24

Maider Iantzi
Kazetaria
Sentsibilitateaz eta honen gabeziaz

Kirurgiara bidali nau dermatologoak. Ospitale publiko berean daude bi sailak. Lehenengo orduan dut zita. Garaiz joan naiz baina ia ordubete eman dut itxarongelan. Hiruzpalau pertsona gehiago daude zain, bakoitza bere modura denbora hiltzen. Inork ez du solasik egiten. Ez zaigu inor hurbildu azalpenak ematera. Halako batean zirujau bat agertu da presa batean, «sentitzen dut atzerapena» idor bat eskapatzen utziz. Baina hori guttienekoa da.

Nire aitzinetik bertze paziente bati deitu dio. Antza denez, honek ez du ongi aditzen, medikua builaka ari baitzaio. Pasillotik aditu ditut osasun arazo guztiak. Nire txanda da. Denbora-pasan tolestuaren tolestuaz gastatutako fitxa eman diot erizainari. Eta hasi zait medikua begira. Zalantzan jarri du nire hitza eta eztabaidan bukatu dugu. «No me has entendido nada», bota dit euskaraz egiten ez duen sendagileak. Ni kezkatua, malkoei begi ertzean ozta-ozta eusten, eta berak «¿siempre eres tan nerviosa?».

Zakarra izan da eta ez naiz seguru eta gustura sentitu dudak galdetzeko. Hortik atera nahi dut lehenbailehen. Ez dut berriro ikusi nahi. Jada bukatu dugu baina txantxetan hasi zait, kazetari ofizioaz bertzeak bertze. Ez diot jarraitu. «Tengo la sensación de que te estoy haciendo pasar un mal rato. Maider, ¿estás bien?». Eutsi diot atea zeharkatu arte baina malkotan noa pasilloetan barna. Ia egun osoa behar izan dut buelta emateko. Bertze momentu batean erantzunen nioke, baina sentsible harrapatu nau. Gaizki pasatu arren, badakit ez dagoela soberan sentsibilitatea. Oxala gehiago balego!