Asier AIESTARAN
PILOTA

Altuna eta Aretxabaleta, Elgoibarko lehen irabazleak

Partida ia guztia atzetik joan ostean, azken txanpan asko asmatu eta pronostikoa apurtzea lortu dute.

ALTUNA III-ARETXABALETA 22

OLAIZOLA II-REZUSTA 19

Altuna III.a eta Aretxabaleta dira Elgoibarko Torneoaren lehen irabazleak. Aurrelari amezketarrak eta atzelari markinarrak ondo kostata lortu zuten garaipena, Olaizola II.a eta Rezustaren aurka ia partida guztia atzetik joan ostean. Azken txanpa, ordea, oso ongi jokatu zuten biek eta 18-19 galtzetik 22-19 irabaztera pasa ziren azken lau tantoak segidan eginda.

Finalaren hasiera ere oso urdina izan zen. Espero bezala, Beñat Rezustak bizkarra erakusten zion Andoni Aretxabaletari eta gorriek arazo asko izan zituzten lehen zati horretan. Bizkaitarra deseroso antzematen zen atzeko koadroetan, eta Jokin Altunak ere ez zuen asmatu arriskatu zuen aukeretan. Konturatzerako 3-10 aurreratu ziren urdinak eta partidari erabat apurtzeko arriskua ere ikusten zitzaion.

Aimarrek txapara bidalitako erremate batek, ordea, sakea itzuli zien gorriei eta hortik aurrera partida asko berdindu zen. Rezustak agintzen jarraitu zuen arren, Aretxabaleta apurka-apurka lasaitzen eta konfiantza hartzen joan zen, eta Altuna ere gehiago asmatzen hasi zen, batez ere tantoak aurrean asko nahasten. Partziala bost tantokoa izan zen, 3-10etik 8-10era, eta ikuskizunaren mailak ere gora egin zuen nabarmen.

Atzelariak txokoan pilota zailak eramaten, aurrelariak zabaletik pilotak jaso eta tantoak eginez... Elgoibarko pilotalekura hurbildu ziren zaletuek asko gozatu zuten demaren bigarren erdi horretan. Aimarren bi tanto ederrekin urdinek 10-14 ihes egin zuten berriz –ikusgarria azken tanto horretan Aretxabaletak botiboleaz errebotetik eraman zuen pilota–, baina lau tantoko beste takada batekin 14-14 berdindu zuten gorriek.

Berdinketak errepikatu ziren 15-15ean –Altunaren tanto ikusgarria txokoan pilota zaila harrapatu eta zabalean irekiz– eta 16-16an, baina gorriak lehen aldiz aurreratu ziren 17-16an, amezketarraren beste erremate batekin. Jokaldi ia berdina errepikatuz lortu zuen 18-16koa.

Atsedenalditik gogotsu itzuli ziren Olaizola eta Rezusta, eta Aimarrek txokoan egindako bi tanto politekin 18-19 aurreratu ziren. Hori ikusita, Altunak azken apustua egin zuen, eta baita bere helburua lortu ere. Tantoa nahasiz, aurkariak bere erritmoan sartu zituen eta azken hiru tantoak, bikainak denak, bereak izan ziren zuzen-zuzenean 22ra alde egin eta finala irabazteko.

«Sariak gordetzeko lekurik gabe geratzen ari naiz, eta hori seinale ona da», onartu zuen partidaren amaieran gipuzkoarrak, torneoko pilotari onenaren saria ere eskuetan hartuta. Udako hirugarren torneoa da beretzat, Gasteizkoa eta Bastidakoa ere irabazi zituelako.

Aretxabaletarentzat jokatzen zuen aurrenekoa zen Elgoibarkoa, eta garaipena lortzea «gauza handia da niretzat», onartzen zuen pozez zoratzen.