Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Hau ez da bakea

Zer da bakea? Hitz magikoa? Utopia? Amets lortu ezina? Premia? Hori dena eta gehiago ere bada. Hortaz, norberak eman diezaiola egokiena iruditzen zaion definizioa. Niretzat, argi da helburua dela. Horretan bat nator Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Baionako jardunaldi batean esan berri duenarekin: «Ez gara bakean bizi, bakearen bidean gaude».

Askok, nagusi diren ideologia eta interesen diskurtsoa barneratuta, bakea hau dela sinesten dute. ETA bukatu da eta bakea etorri da. Errakuntza galanta. Duela urte batzuk, alde guztietako indarkeria gori-gorian zegoelarik, mahai inguru batean parte hartzea tokatu zitzaidan. Bertan garatu nuen ideia ardatza izan zen indarkeria ez hutsa ez dela, berez, bakea. Eta berean jarraitzen dut.

Gibraltarreko tximinoen gisa belarriak, begiak eta ahoa estalita ez bizitzea hautatu duen edonork egiazta dezake biolentziak, gaur eta hemen (ere), indarrean eta indartsu segitzen duela. Zer dira bada euskal presoei aplikatzen zaizkien neurriak? Zer da bada astebururo senideen bizitzak arriskuan jartzen dituen urruntze-politika? Edota torturapean eskuratutako informazioak baliatuta epaitegietan preskribitzeko zorian dauden sumarioak berriro irekitzea iheslarien itzulera ekiditeko? Edo polizien gehiegikeriak jasandako milaka herritarren sufrikarioa aitortzeko jartzen diren traba guztiak? Eta zer esanik ez bi neurriko (edo gehiagoko) “justizia” aplikatzen denean gure muturren aurrean, oraintsu Urdangarini bigarren gradua onartzerakoan ikusi dugun moduan.

Nago, modu batean edo bestean, gizakiaren harremanetan beti dagoela zoritxarrez biolentzia mailaren bat. Alta, horren antidotoa ezaguna da: bakea guztion eskubideak errespetatzetik etorriko da, presoenak, euren senideenak, biktima guztienak, herritarrenak eta baita herriarenak ere. Egiazko demokraziaren bidetik, alegia. Agian inozo samarra naiz baina utopia horretan sinesten dut, bakea ezin daiteke-eta kimera hutsa izan. Anje Duhalderen kantuak ongi asko dioen bezala, «bakezaleak gara, bakea nahi dugu». Bakea, benetakoa.