Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Heroiak, nork bere gisakoak

Nork bere tenoreko heroiak edukitzen ditu. Hau da, bere ildoan, baina koska bat edo beste gorago daudela deritzenak, izaten ditu heroitzat. Horrek argitzen du, adibidez, zergatik entzun den horrenbeste ditxosozko hitza John McCain III.a hil denean.

1967an A-4 Skayhawk batean Hanoiraino joan zen John McCain III.ak heroia izan behar du Eurofighter Typhoon batetik, edo F-16 batetik, 2018an Yemenen eskola-umez betetako busak birrintzen dituen hegazkinlari saudiarentzat. Edo drone bat gidatuz Afganistanen, edo batek daki non, Floridatik, edo auskalo nondik, hilketak nahas-mahasean egiten ari den funtzionarioarentzat.

Eta zer esanik ez, inoiz gerrara joan gabeko gerrazale porrokatuentzat. Joatea tokatzen zitzaienean ere iskin egin zioten arren «beti gure soldaduen alde» daudenentzat. Edo E. Toddek «mikromilitarista teatralak» deitu ohi dituen horientzat... Mitikoa izan behar du McCainek, orain esaten den moduan, horrelakoentzat.

«Rolling Thunder» operazioa zertxobait ezagutzen duenak badaki, ordea, 1967ko urriaren 26an Hanoi gain-gainean S-75 Dvina batek lurreratu zuen McCain hark oso heroikotasun gutxi zuela. Errua ere... gainerako erasokideek bezalakoa. Zortea izan zuen txarragoa egun hartan. Baina horretan ere ez zen batere aparta izan: beste bi hegazkin estatubatuar ere lurrera joan ziren ekintza hartan bertan. Erasotzaileen %15. Ia lau urtez luzatu zen operazio hartan nozitutako eraispenen batez bestekotik oso gertu. Eta jopuntua ukitu gabe geratu zen.

Ibai Gorri aldera egindako bisitaldi haietatik ez itzultzea (edo, McCain bezala, bost urte beranduago itzultzea) ohikoa baitzen, ez heroikoa. Agian horregatik, gaia ondotxo ezagutzen duen Petraeusek loriatu egin du McCain... beteranoekin eduki duen leialtasunagatik. Ez beste ezergatik. Beste batzuek Trumpi aurre egin diolako loriatu duten bezala. Edozein baita heroi Trumpen aurrean.

Barry Goldwaterren oinordeko politiko zuzena eta Jack McCain II.aren seme konplitua... heroi? Tira...