2018/08/29

Aitor Agirrezabal
Kazetaria
Kontraesanez eraikitako aldaketaren koherentzia

Badoa abuztua, badoa uda eta honekin batera datorkigu iraila, kurtso hasieraren sinonimo. Urteroko kontua da, udaren destentsioaren ostean, sua egiteko egurra biltzeko garaia da. Hala ere, aurten, eta Iruñean behintzat, udan ez da egur faltarik izan, Maravillasen inguruan. Proiektuaren indarrak eta jarduera politiko zein albiste faltak lehen lerroan jarri du gaztetxea hainbat astean zehar.

Egunerokotasuna dugu aurretik, baina ez edonolakoa. Maiatzaren amaierarako daude aurreikusiak hauteskundeak, eta dena jokoan. 2015ean hamarkada ilun askoren osteko garaipen politiko handiena erdietsi zen Nafarroan, bai Gobernuan, baita hiri eta herri nagusietan ere. Baina ezin ahaztu nola lortu zen. Borroka estu eta konfluentzia eta proiektu ugari bilduz.

Ordutik ez dira gutxi izan Gobernua edo aldaketa sostengatu duen alderdiren baten jardunak sortu dituen gatazkak. Aipatutako Maravillas, AHT, haur-eskolak eta euskara, besteak beste. Lau urtean sobiet bat espero zuena oker zebilen eta halako indar ezberdinen metaketa batean kontraesanak eguneroko ogi izatea onartu beharra dago.

2014an, Edinburgon Eskoziako erreferendumaren jarraipena egiten ari nintzela, hala esan zidan SNPko buruetako batek: «Alderdiko askok duela lau urte ez genuen inongo asmorik erreferendum bat bultzatzeko, baina gizarte zibilak, herri honen kontraesanak ulertuta, soka tenkatuz baina hautsi gabe ekarri gaitu puntu honetara». Askotan, soka tenkatzea egokituko zaigu oraindik, baina emaitzak hamarkada luzeetan ere erdiets daitezkeela onartuz.