Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Urtea bueltarako baliatu!

Iraila. Tourreko giroa bueltan; Vueltan. Hainbat egun urrunetik ibilita eta etxera bueltan nagoela, izandako notizien gose-minez prentsa hartu eta, kirol orrietan nengoela konturatzera heldu gabe, hara! Espainian buelta! Zur eta lur gelditu nintzen une batez, abuztua ohikoan agorrila izaten bada ere, aurton hilabete emankorra izan zitekeelakoan pentsatzera helduta; gure beheko Estatu horretako gizarte politikoa senera etorria izan zela pentsatzera… bada ez, kirol orrietan nengoen, eta buelta ziklismoan baino ez zen… berdin da non hasi, amaitu beti hango hiriburuan egiten baita. Hortaz, aldaketarik ez, sailkapenean baino ez bada. Amen.

Tira, buelten harira! Udaberrian Euskal Herriko Itzulia izaten da gurean; itzuli bai, urtero itzultzen da, baina buelta? Bestelako buelta izateko bide-orria aldatu beharko zen aurretik, eta hori politikaren mapan egin behar da, errepide erditik, ez bazterretik, bazterrak fusilatuen gorpuzkiak lur-gaineratzeko utzi behar dira eta! Bide-orria aldatzeko urte politikoa ote egunotan han-hemengo ekitaldietan hasi berria? Batek daki! Jainkoak berak baleki! Auskalo! Auskal(oko) Herria baita gurea, politikan. Jakina da marko agortu berean urtez urte estropezu egiten duen espeziea dela euskaldunona.

Hortaz, jaungoikoarekin aspaldian nazkatua banaiz ere (ez esan nire izeko mojari, mesedez, baina osasun kontua da nire kasuan), are nazkatuago lege zaharrekin (hau esaiozu, nahi baduzu), alardeak barne. Zin dagit, eta ez legearen aginduaz kasu honetan. Hau gurutzea! Abuztuan ere izan dira gurutzeak, Erorikoen Haranekoa bera ere hantxe. Kalbarioa! Ea lurrikara batek behingoz eraisten duen eta akabo! Haranak ibaiek sortu eta ibaiek urpean uzteko dira, berez, naturaz. Tira! urteaz bueltarako baliatu gaitezela, zertarako hasi bestela!