2018/09/10

Arantxa Manterola
Kazetaria
Hezkuntzaren pisua
Eskola eta armada, asimilaziorako ardatz boteretsuak izan ziren lehen ere gure herrian errepublikaren «grandeur»-a eta frantses identitatea iltzatzeko. Hori bai, beraien ustetan, nazionalistak besteak dira (gara), ez beraiek

Hasi da ikasturte berria. Oraindik Euskal Herri osoan erabateko normaltasunez ez bada ere, ikasle, irakasle eta hezkuntzako gainerako langileek ekin diote berebiziko garrantzia duen zereginari. Berebizikoa, ezen urte horietan ikasitakoak, neurri handiagoan edo txikiagoan, bizitza osorako ondorioak izango ditu ikasleengan. Horregatik ikasketen programen edukiek funtsezko pisua dute eta eztabaida eta gorabehera politiko ugariren iturburu izan ohi dira.

Estatu frantseseko eskoletan aplikatuko den aurtengo programak baditu berrikuntzak. Besteak beste, 8-9 urteko ikasleek “Marseillaise” ereserki nazionala ikasi beharko dute, derrigorrezko gaia izango da. Macron presidenteak bere programa politikoan argi utzi zuen frantses izaeraren harrotasuna berreskuratzeko neurriak hartuko zituela. Errepublikaren izen ona eta funtsa berpiztu egingo zituela, bere herritar guztiak (citoyens) frantses Estatuaren proiektu komunean batuko dituen kohesioa lortzea zuela helburu.

Norabide horretan ari da beste neurri batzuk ere prestatzen, esaterako, 16 urtetik goiti gazteek, bai ala bai, egin beharko duten hilabeteko zerbitzu nazional unibertsala deiturikoa (service national universel). Eztabaida gori-gorian izango da udazken honetan, duela urte batzuk bertan behera geratu zen zerbitzu militarraren izpiritua ikusten baitu askok derrigortasun horren atzean.

Eskola eta armada, asimilaziorako ardatz boteretsuak izan ziren lehen ere gure herrian errepublikaren «grandeur»-a eta frantses identitatea iltzatzeko. Hori bai, beraien ustetan, nazionalistak besteak dira (gara), ez beraiek.

Honetan guztian hausnartzen ari nintzela, jakin-mina sortu zait ikastoletako ikasleei neurri horiek nola eragin diezaieketen, haientzat ere derrigorrezkoak izango baitira. Eta gero, kezka. Baina, segidan, nire burutazioetan atzera egin eta ohartu naiz nire belaunaldikoek “Viva España” egunero abestu behar izaten genuela «eskola nazionaletan» bandera espainola jarri eta kentzerakoan. Eta gure mutilek hilabeteetako soldadutza egin zutela. Eta ez gara horren espainol atera...