Jon ORMAZABAL
PILOTA

Mikel Urrutikoetxea, azken baiezkoaren zain

Senda-agiria jaso du eta ostegunean erabakiko du larunbatean Galdakaon jokatuko duen edo ez.

Ez omen dago 100 urte irauten duen gaitzik eta Mikel Urrutikoetxeak ere atzean utzi du azken hilabeteetan kantxetatik kanpo izan duen gaitza. Hori diote behintzat ostiralean egin eta atzo jaso zituen analisien emaitzek eta orain kantxetara itzultzeko data jartzea baino ez da falta. Printzipioz, larunbat honetan dago iragarria zaratamoztarraren itzulera, etxetik gertu, Galdakaon –Rezusta lagun, Altuna III.aren eta Larunberen kontra–, baina geldirik horrenbeste denbora eman ostean, entrenamendu gogor pare bat egin nahi ditu eta, horien arabera, ostegunean emango dio enpresari azken erabakiaren berri.

Ekain amaieratik darama Asegarceko pilotariak partidarik jokatu gabe. San Fermin torneoan jokatzeko iragarria zegoen aurrelaria Mikel Larunberekin, baina azken orduan mononukleosia zuela antzeman zioten sendagileek eta Oinatz Bengoetxeak hartu zuen bere lekua. Ordurako, baina, Mikel Urrutikoetxeak bazeramatzan bi edo hiru hilabete gaitza barruan zuela. Ahul eta gorputza buruak eskatzen zion erantzun hori emateko gai ez zela nabaritzen zuen kantxan, horren arrazoia zein zen jakitera iritsi gabe.

Gauzak horrela, mononukleosia zuela jakitea nolabaiteko arindua izan zen aurrelari bizkaitarrarentzat, gaitza zuela jakitea kolpea izan zen arren, azkenean aurkitu zuelako ezintasun horren iturria.

Atsedena beste sendagairik ez duen gaitza da Zaratamoko aurrelariari eraso diona eta geldirik, «aspertu samar» pasa du pilotarientzat lan beteko sasoia den uda Urrutikoetxeak, nahiz eta azken asteetan hasia zen zenbait ariketa egiten. Atzo baina, senda-agiria eman zion medikuak eta orain normaltasunera itzultzea da hurrengo pausoa.

Sanmateoetan programatua

Hiru hilabete denbora asko da geldirik egoteko lehen mailako kirolari batentzat eta orain pixkanaka-pixkanaka erritmoa hartzen joatea izango da Asegarceko pilotariaren hurrengo erronka. Horretarako ez dago partidak jokatzea bezalakorik eta Asegarcek aukera ugari eskainiko dizkio hurrengo egunetan.

Gauzak ondo, larunbatean Galdakaon jokatu ostean, igandean Bermeon ere iragarri du enpresak eta ez du atsedenerako beta askorik izango, asteartean bertan Logroñoko ferian ere iragarria baitago, txapelketatik kanpo, baina maila handiko partida batean, Mariezkurrena II.a lagun, Bengoetxea VI.a-Larunberen aurka. Ez da hau sanmateoetan jokatuko duen partida bakarra izango, hilaren 22an Ardoaren Desafioa jokatzeko aukeratu baitu bere enpresak, berriz ere Berriozarreko atzelari gaztearen aldamenean.

Lau eta Erdikoaren atarian

Logroñoko feria amaituta lehiaketan sartuko dira buru-belarri pilotariak, urrian da-eta hastekoa Lau eta Erdiko txapelketa. Gauzak normal, Mikel Urrutikoetxeak ziurtatuta dauka kaiolarako txartela, iaz finalean sartuta gainera final-laurdenetan sartzeko aukera izango du, hau da, prestaketarako final-zortzirenetan sartzen direnek baino astebete gehiago izango duela final-laurdenetako ligaxka prestatzeko.

Asegarcek, gainera, nahikoa bideratuta dauka bere izenean lehiatuko diren pilotarien zerrenda. Izenak erabakita daudela esan daiteke eta txapelketan izango dira Urrutikoetxea bera, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea, iaz finalerdietan sartu eta gero gainera, ligaxkan behar luketenak. Agirrek ere barruan behar luke iazko Promozio mailako txapelduna izanda eta hortik aurrera hasten dira zalantzak. Printzipioz, bi atariko iragarri zituen, Jon Alberdi aurrelariaren debutaren aitzakiarekin, irailaren 28rako Azpeitian. Bertan Artola eta Arteaga eta Victor eta Laso ziren elkarren aurka jokatzekoak, baina litekeena da bigarren partida hori Errioxara eramatea, nahiz eta Izarraitzerako sarrerak salgai dauden jada, hiru partidekin.

Gaur Hondarribiko Jotaldin dute hitzordua Asegarceko pilotariek, estelar interesgarri batekin gainera. Olaizola II.a-Imaz Bengoetxea VI.a-Albisuren aurka arituko dira.