2018/09/11

Okela saltzen zuen legez kanpoko hiltegi bat itxi du Ertzaintzak Larraulen
GARA|LARRAUL

Haragia giza kontsumorako saltzen ari zen legez kanpoko hiltegi bat desegin zuten joan den astean Gipuzkoan, Larraul udalerriko baserri batean. Ertzaintzak legez kanpoko hiltegia itxi, eta eginbideak hasi ditu bi pertsonaren aurka, ikertu gisa, osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako delituak eta animalien aurkako tratu txarrak leporatuta.

Bi pertsona horiek abeltzaintzako ustiategia zuten, baina dirudienez, abereak legez kanpo hiltzeko erabiltzen zuten, ondoren haragia giza kontsumorako saltzeko. Abereen hondakinak zakuetan sartu eta Anoetako erreka batera botatzen zituzten.

Halako hondakinak nondik ote zetozen ikertzen hasi zen Ertzaintza eta Larraulgo baserri horretan aurkitu zuen legez kanpoko hiltegia. Baserriaren goiko pisuan hildako ardi bat eta hiltzeko prest zituzten beste hainbat aurkitu zituzten. Anoetako errekan aurkitutako moduko zakuak ere bazeuden, baita animaliak hiltzeko zein haragia mozteko tresnak ere.

Arduradunak 61 urteko gizon bat eta 51 urteko emakume bat dira. Ikerketan ondorioztatu dute ustiategiko instalazioak legez kanpoko hiltegi gisa erabiltzen zituztela, animaliak hil eta jarduera horretatik etekina ateratzeko, indarrean dagoen legediak eskatzen dituen kontrolak bete gabe. Gainera, ingurura botatzen zituzten hondakinak, horrek bizilagunentzat osasun arazoak ekar baditzake ere.

Hori dela eta, ustezko bi delitu egotzi dizkiete: osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako delituak, eta animalien aurkako tratu txarrak.