2018/09/13

Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
Adi: Copyright-aren direktiba berria onartu da
Direktiba berriak egileen, erabiltzaileen eta industriaren arteko oreka izan behar zuen helburu. Baina ez zaio oreka horri erantzun nahi izan. Eta horregatik diot sekulako aukera galdu dela

Atzo bozkatu zen bigarren aldiz Europako Parlamentuan egile eskubideen edo copyright-aren gaineko direktiba berriaren proposamena. Uztailean ezezkoa atera zen (310 boto aurka; 278 alde; 31 abstentzio). Ezezko horrek Europar Batasuneko Kontseiluarekin negoziazioak hastea eragotzi zuen. Baina prozesua ez zen guztiz eten. Eta aste honetan izan du bigarren itzulia Europako Parlamentuan.

Uztaileko ezezkoaren ondoren, 252 zuzenketa proposatu ziren (ia gehienak 11. eta 13. artikuluen gainean, polemikoenak direnak). Eta testu berria proposatu zuen astearte honetan Axel Voss kontserbadore alemaniarrak (testuaren egilea eta aurkezlea da). Tentsio handiko eztabaida izan zen asteartekoa. Eta atzo irudika zitekeen agertokirik okerrena bilakatu zen errealitate: direktiba berria onartu egin zen, 438 boto alde eta 226 aurka. Bere bi artikulu polemikoenak ere barnean biltzen dituelarik.

Berez, direktiba berria ez da zuzenean indarrean sartuko, horretarako 28 estatuetako legedia direktibara egokitu beharko delako. Baina gaur argi eta ozen esan daiteke sekulako aukera galdu dela. Direktiba honen proposamena egileen eskubideen aferak beharrezkoa duen benetako eta sakoneko eztabaida pizteko baliatu behar zen. Beste hitz batzuetan, direktiba berriak egileen, herritar/erabiltzaileen eta industriaren arteko oreka izan behar zuen helburu. Baina ez zaio oreka horri erantzun nahi izan. Eta horregatik diot sekulako aukera galdu dela.

Inork ez luke zalantzan jarri beharko egileen eskubideak babestu eta aitortu behar direla. Onartu berri den direktiba honen aurka azaltzen garenok ere, egileen eskubideak babestearen alde egiten dugu. Eta 2001eko copyright-aren direktiba eguneratzeko beharra ere defendatzen genuen. Kontua, ordea, nolakotasunean dago: ingurune digitalean, Internet ireki eta neutral mantenduz, egileen eskubideak nola babestu. Horrek behar zuen eztabaidaren funtsa.