2018/09/13

Eraikuntzan ari zen euskal herritar bat hil da lan istripuz Alemanian
GARA|DONOSTIA

ELAk atzo jakinarazi zuenez, joan den irailaren 3an lan istripu hilgarria gertatu zen Merkendorf-en (Alemania). Langilea (L.M.P.) Donostian egoitza duen Eraiki Prest-entzat ari zen Enova Construction CVBA-k azpikontratatuta, eta eguzki panelak jartzeko lanetan zebilela altuera batetik erorita hil zen. Istripua «erabateko prekaritate eta segurtasun neurri faltako egoeran» gertatu zela azaldu zuen sindikatuak.

Salatu zuenez, 47 pertsona hil dira beren lanpostuan Euskal Herrian 2018an, horietatik 20 azken bi hilabeteetan, eta heren bat azpikontratatutako enpresetan. Horregatik, berehalako neurri publikoak exijitu zituen.