GARA
ALTSASU

Espetxeraturiko gazteen aldeko murala margotu du Altsasun Elias Tañok

Valentziako Elias Taño margolariak elkartasun-mural bat margotu zuen atzo Altsasuko Iortia plazan espetxean dauden gazteen egoera salatzeko.

Valentzian antzeko mural bat margotu zuen uda hasieran Tañok, baina gordinki zentsuratu zuten bere lana. Lehenik, Valentziako Udaleko garbiketa zerbitzuek margolana ezabatu zuten. Ondoren, margoa berriro egiteari ekin zioten auzolanean. Egun horretan Altsasuko gurasoak eta biztanleak Valentziaraino joan ziren murala egiteko lanetan laguntzeko eta elkartasuna eskertzeko.

Mural berri honek ere erasoak pairatu zituen. Faxista talde batek espraiak erabiliz margolana hondatu zuen. Horrekin batera, Ciudadanoseko udal taldeak gogor kritikatu zuen Valentziako alkatea margolana egiten uzteagatik.

Gauzak horrela, Valentzian egin zuten margolanaren antzeko bat Altsasun ikusgai izango da hemendik aurrera.

Valentzian bezala, Altsasun ere eskuineko taldeek mural honen kontra egin dute. UPNk margolana egiteko baimena emateagatik Altsasuko alkate Javier Ollo kritikatu zuen, «erasotzaileen alde egin eta gorrotoa eragiten» duela-eta.