2018/09/16

Bizkaiak indarkeria sexistaren 1.500 biktima artatu zituen iaz

Iaz bakarrik, 1.500 emakume gerturatu ziren Bizkaiko Aldundiak sexu eraso eta tratu txarren biktimei eskainitako arreta zerbitzura. Hilero, 49 emakumek abiatu zuten terapia. Adin txikikoei dagokienez, 57 kasu berri atzeman ziren; hamarretik zazpi neskatoak ziren.

GARA|BILBO
0916_eh_antsoain

Indarkeria matxistaren eta tratu txarren biktimentzat Bizkaiko Aldundiak duen zerbitzu psikologikoan 1.500 emakume eta neskatila baino gehiago artatu zituzten iaz. 2005. urtean zerbitzua martxan jarri zenetik eskaerek gora egin dute, eta 2017koak dira momentuz jaso diren daturik altuenak. Iaz, astean, 669 arreta ordu eskaini zituzten eta hilero 49 emakumek terapia hasi zuten indarkeria honen ondorioak tratatzeko. 2006an hilean 23 pertsona izan ziren.

Europa Press agentziak jasotako datuen arabera, gehienek terapia jasotzen dute familia mailan jasan duten indarkeriaren ondorio psikologikoak gainditzeko. Indarkeria egoerak, gainera, kronikoak eta larriak izan ohi dira, Bizkaiko Aldundiaren informazioaren arabera.

Zifrak handituz doaz

Erabiltzaile berrien %90ek indarkeria bikotearen edo bikote ohiaren aldetik jasotzen dute, eta gehiengoak baita ere, %80k baino gehiagok, seme-alabak ditu bere ardurapean.

Sexu eraso baten biktimei dagokienez, 69 emakumek deitu zuten iaz zerbitzu honetara laguntza eske. 2016an 75 izan ziren; 2005etik erregistratzen zen bigarren zifrarik altuena izan da.

Datu kezkagarriak, halaber, adin txikikoei dagokienez. Familiaren baitan edo honetatik kanpo indarkeria, tratu txarrak edo sexu erasoak jasan zituzten 119 neska eta mutil artatu zituzten profesionalek. Kasu berriak 57 izan ziren, hamarretik ia zazpi neskak; gainontzekoak mutilak.

Indarkeria kasuak bikote edo bikote ohiaren aldetik, neska nerabeen kasuan, 14 eta 17 urteen artean gertatzen dira. Sexu indarkeria, edozein kasutan, gehienetan 10 urteetatik aurrera gertatzen dela atzeman dute zerbitzuek, neska zein mutil izan, baina bereziki ugaritzen dira kasuak 16 eta 17 urte arteko gazteen artean.

Datu orokorrei erreparatuz gero, erakundeak azaldu du 2004 eta 2017 urte artean 580 terapia espediente ireki edo berrireki direla familiaren baitan edo honetatik kanpo adin txikikoek jasan dituzten tratu txarrak edo sexu erasoak artatzeko.

Antsoaingo eskua, margotua

Bestetik, indarkeria matxistaren aurkako adierazpena den ikur gorria erre zuten larunbatean ezezagun batzuek Antsoaingo plazan, eta erasoak berehalako erantzuna izan zuen: Udal Gobernuko ordezkariek, bizilagunez eta beste herrietako udal ordezkariez lagunduta, eskua gorriz margotu zuten atzo, betiko itxura emanez.

Ander Oroz (EH Bildu) Antsoaingo alkateak adierazi zuenez, helburua eraso bat «ekimen positibo» bat bilakatzea zen. «Denon artean konpondu ditugu eragindako kalteak», adierazi zuen Rafael Alberti plazatik bertatik.