2018/09/18

Euskara «Arantzazutik mundu zabalera» hedatzeko biltzarra

Baionako kongresuaren ostean, euskararen gaineko gogoetak Oñatira egingo du jauzi urrian. «Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018» lelopean antolatu du Euskaltzaindiak berrogeita hamar hizlari batuko dituen biltzarra, erakundearen mendeurreneko bigarrena.

GARA|OÑATI
0918_kul_biltzarra

1964. urtean Baionan egindako ahaleginen ostean, 1968ko urriaren 3an ezarri ziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun (Oñati). «Orduan Euskaltzaindiak egin zuen batzarrean abiatu zen euskara bateratua, euskalkien arteko elkar-ulertze arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari aurre egiteko sortu zena», gogora ekarri dute Euskaltzaindikoek, eta nabarmendu dute bertan finkatu zirela, besteak beste, euskara batuaren lehen arau multzoak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia eta deklinabideak.

«Jakina denez, batuaren abanta ez da erabatekoa izan, baina, hala ere, ukaezina da euskaldunen artean euskara batuaren aldeko adostasun zabala dagoela, ezinbesteko tresna izan baita euskararen aurrerabidean», iritzi diote Euskaltzainditik.

Hala, eta data esanguratsuaren 50. urtemuga baliatuz, aurten Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra egingo du Arantzazun, mendeurreneko ekitaldi akademikoetan bigarrena. Izan ere, Baionako lehen hartu-eman haiek gogora ekartzeko biltzarra egin berria dute Lapurdiko hiriburuan eta, aurrez azaldu zutenez, orotara bederatzi izango dira akademiaren mendeurrena ohoratzeko eta aztertzeko egingo dituzten biltzarrak.

Berrogeita hamar aditu

Nazioarteko biltzarra Arantzazuko Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan egingo da eta orotara berrogeita hamar izango dira hitza hartuko duten adituak. Urriaren 4an hasi eta 6ra bitartean, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahaleginduko dira adituak, zehaztu dutenez.

Atzo, biltzarraren aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak ere hartu zuen hitza. Arantzazuko biltzarra berezia izan zela ziurtatu zuen euskaltzainburuak, eta azpimarratu zuen euskalgintzako eragile garrantzitsuenek parte hartuko dutela bertan.

«Mugarri bat izatea nahiko genuke, euskara bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako gonbidatu ditugu euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak», esan zuen, eta gaineratu zuenez, «euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, elkarrekin jokatu behar dugu», esperientziak trukatu eta elkarlanean arituz.

Akademiak «euskararen etorkizuna» du helburu, Urrutiaren hitzetan, eta nabarmendu zuen hain justu hori gogoratzera joango direla Arantzazura: «Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Eta horren adibide izango dira Arantzazun aurkeztuko ditugun baliabide linguistiko eta teknologiko berriak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria».

Biltzarrean izena emateko epea zabalik dagoela ere zehaztu zuten. Urriaren 1era bitartean eman ahalko da izena, bi bide erabilita: posta elektroniko bidez (info@euskaltzaindia.eus) zein telefonoz (+34 943 42 80 50 / +34 944 158 155 / +33 (0) 559 25 64 26).

Biltzarrerako sarrera doakoa izango da, eta aldibereko itzulpena egongo da.

R.M. Azkue omenduko du Oñatiko Kultur Hamabostaldiko programak

Kultur Hamabostaldiko programak R.M. Azkue omenduko du, euskara sustatzeko egin zuen lana nabarmenduz. Programa antolatu duen Olaitturri elkarteko kide Iñazio Irizar 1918ko Euskal Ikasketen Lehen Kongresuaz ariko da gaur; ostegunean EHUko Jurgi Kintanak Azkueren ibilbidea izango du aztergai, eta irailaren 25ean Euskaltzaindia izango du hizpide Donostia Kulturako Antton Ugaldek. Antzerki bat ere izango da programaren barruan: “R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia” obraren aurrestreinaldia irailaren 27an izango da, Santa Ana antzokian (19.00), eta estreinaldia irailaren 29an izango da, San Migel parrokian (17.00). GARA