GARA
IRUÑEA

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira urriaren 9an abiatuko da Iruñean

Tomasita Quiala repentista kubatarra eta Araceli Argüello payadore argentinarra Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariekin batera ariko dira urriaren 9an Iruñean, Nazioarteko Inprobisatzaileen Birari hasiera emateko. Urriaren 14a arte saio ezberdinak egingo dira Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostian, eta guztietan hartuko dute parte Argüellok eta Quialak. Txandaka, aipatu bertsolariez gainera Amets Arzallus, Jone Uria eta Xabi Igoa ere ariko dira.

Iruñean, Erandion, Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian barrenako ibilbidea egingo du Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak. Lanku Komunikazio Zerbitzuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu duten emanaldi saio honek Kubako Tomasita Quiala repentista, Araceli Argüello Argentinako payadorea eta Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariak batuko ditu, eta urriaren 9tik 14ra bitartean garatuko da.

Egitasmoaren berri atzo eman zuten Iruñeko Kondestablearen Jauregian, eta, zehaztu zutenez, «izenak berak ongi adierazten duen moduan, bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko ditu proiektuak».

Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza alorreko zinegotzi ordezkariak eta Julio Soto bertsolari eta birako parte-hartzaileak eman zituzten xehetasunak prentsaurrekoan: «Mintzolak bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko lanean dihardu, eta Lankuk proposamen berriak taularatzeko apustuak eginez; eta, sinergia horiek batuta gauzatuko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira», azaldu zuen Sotok. Horretarako tokian tokiko erakunde antolatzaileekin aritu dira agenda osatzen: tartean Iruñeko Udala, bertan hasiko baita nazioarteko bira.

Azaldu zutenez, Iruñeko Udalaren moduan parte hartu dute egitasmoan Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko udalek, Euskal Kultur Erakundeak, Haizebegi festibalak, Donostia Festak eta Donostia Kultura erakundeak. Era berean, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean gauzatutako nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko.

Punto cubanoa eta payada

Zehaztu zutenez, bi gonbidatu berezi, Kubako Tomasita Quiala repentista eta Araceli Argüello payadore argentinarra izango dira Nazioarteko Birako protagonista: «Tomasita Quiala Kubako punto cubanoaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da eta jada egona da Iruñean, 1998an Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroan hartu baitzuen parte. Gazteagoa izanagatik ibilbide esanguratsua du Araceli Argüellok ere, 23 urte baititu eta duela hamar urte pasatxo hasi baitzen payadan», jakinarazi zuen Belokik.

Beraiekin txandakatuz hartuko dute parte Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek, eta Iker Iriartek eta Maite Berriozabalek gidatuko dituzte saioak.

Aurrez aipatu bezala, urriaren 9an abiatuko da bira, Iruñeko Zentralen, 19.00etatik aurrera. Asteazkenean, hilak 10, Erandion izango da saioa, Merkatu Zaharra aretoan. Ostegunarekin, Hernaniko Biteri kultur etxera egingo du jauzi birak eta ostiralean, aldiz, Gasteizko Beñat Etxepare antzokira. Larunbatean Baionako Cite des Arts arte eskolan finkatu dute hitzordua eta igandean Donostiako Antzoki Zaharrean. Saio horiek guztiak 19.00etan hasiko dira, Baionakoa izan ezik: ordubete lehenago, 18.00etan jarri dute hitzordua.

Saio bakoitzeko informazio zehatza eta sarrerak: www.mintzola.eus atarian.