Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Plastiko beltzak

Ahoan hitzik gabe gelditu naiz Hondarribiko alardean ikusitakoarekin. Denak ados dira atzerapausoa eman dela esaterako orduan. Bi hamarkada pasa diren arren, urak ez dira bere onera etorri.

Iritzi guztiak entzun ditut, irudiak ere ikusi ditut eta ezin sinetsirik, etsirik eta beldurturik ere geratu naiz. Beldurtuta plastiko beltzen atzean ezkutatzen direnek alarde parte-hartzailearen aurka erakusten duten gorroto eta mespretxuarekin. Asaldagarria da ere horrelako jazarpenezko egoera baten aurrean agintariek erakusten duten utzikeria. Plastiko beltzen atzean hori baitago azken finean, instituzionalki babestua den alarde baztertzaile bat.

Oraindik orain, eta urteak pasa diren arren, neurririk hartu ez izanak eta denbora honetan guztian alarde parte-hartzailearen kontra elikatu diren mito eta topikoak deseraiki beharrean indartu eta babestu izanak gaur egungo gatazka honetara ekarri gaitu. Herritar batzuek, tradizioaren izenean, beste herritar batzuen aurka horrelako jazarpenezko egoera bat jasanaraztea adierazpen askatasuna baino gorrotozko adierazpena dela argi da. Alarde parte-hartzailean emakumeen presentziak erakusten duen herrak jendartean dauden sentimendu eta pentsamendurik okerrenak islatzen ditu. Alardea, Maite Asensio kazetariak dioen bezala, gure jendartearen ispilu bihurtu da.

Egia esan, honek guztiak Katherine Switzerren kasua ekartzen dit gogora. 1967an Bostoneko maratoian parte hartu zuen lehen emakumezkoa izan zen. Ez zegoen, nonbait, zegokion lekuan eta bertatik bortizki ateratzen saiatu ziren arren maratoia bukatzea lortu zuen eta harrezkeroztik emakumeek normaltasun osoz hartzen dute parte kirol horretan.

Espero dezagun egunen batean alardearekin ere gauza bera gertatzea. Geroak, izatekotan, alarde parekide eta parte-hartzailea izan beharko duelako. Dena luke irabazteko eta deus ez galtzeko.

Pikutara plastiko beltzak, toxikoak izateaz gain, jai giroa usteltzen baitute.

Iritsiko da eguna.