2018/09/19

«Supernova» disko berriarekin eztanda egin asmo du Etxe-k

Indar handiarekin lehertzen diren izarrak dira supernobak eta eztandaren ondorioz sortzen duten argia izugarria izaten da. Halakoxe asmoa du Etxe kantariak ere. Errepidean kilometro asko egin ostean, urteetan bilatzen ibili dena topatu duelakoan, disko berria aurkeztu du.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
0919_kul_etxe

«Nekatu naiz bidea bakarrik egiten, nekatu naiz eskutik heldu gabe ibiltzen», dio Etxeren disko berriko lehen kantuak, gitarra lagun. Garai bateko bere kantaera gogoraraz dezake kantuak, baina disko berriarekin dena aldatzeko gogoz agertu da Berrizko Iñaki Etxezarraga kantaria. «Nekatu naiz haize berriak bilatzen, nekatu naiz amildegitik erortzen, bizi erdia daramat bilatzen, eta oraindik ez du aurkitzen».

Taldekide berriak igo dira bere furgonetara; Amezketan zain dauka Iban Gurrutxaga gitarra jotzeko, Donostian dago baxuarekin Xabier Barrenetxea, eta Iban Larraburu bateria jotzeko prest agertu da Urruñatik. Diskoa grabatzeko Bilboko Taom estudioetan sartu eta Jagoba Ormaetxearen esku egon da teknika guztia. Ekoizle lanaren ardura izan du Jagoba musikari beteranoak eta bere ardura izan da kantu guztiak grabatu, nahastu eta masterizatzea. Kantu batzuen moldaketen ardura ere Jagoba Ormaetxearena da, eta oso eskertuta agertu zen Etxe bera horrekin.

«Aldaketa nabarmena da eta energia izugarria dago kantu guztietan», adierazi zuen Iñaki Etxezarragak disko berria eskuetan zuela. «Kapsula batean sartu eta kantuek eztanda egin dute» bere ustez, eta orain arteko bidea amaitu, eta berri bati ekin gura diola aitortu zuen. «Ni beti jarraitu nauen jendeak badaki Etxe zer izan den orain arte, baina azken 10 urteotan bi disko akustiko egin ostean, ezustekoa izango da hau, aldaketa izugarria», gaineratu zuen.

Disko honetan, eta Jagoba Ormaetxea ekoizlearen laguntzarekin «beti amestu izan dudan soinu, estilo, eta kantu mota lantzeko aukera» izan duela nabarmendu zuen Etxek.

Lehen kantu mingotsaren ostean, “Let’s rock the night” abestiak ederto adierazten du zein den Etxeren proposamenaren funtsa. Rock-and-rolla, gitarrak distortsioarekin eta ahots melodikoak. Lehertu da izarra, argi gehiago egin gura du orain. Pop eta rock doinuak entzun daitezke. «Emaiozu gorputzari behar duena, Let’s rock the night, horrela hobeto sentituko zara!».

Rosario euskaraz

Baina disko honen bitxikeria nagusia Rosario Floresen kantuaren euskarazko bertsioa da. Rosarioren “Qué bonito” kantua ekarri du Etxek euskarara, “Zein ederra”. Rosario bera ezagutu, eta gustatu zitzaion proposamena. Gitarra eskuan Bilboko Bira kulturgunean kantu horrekin amaitu zuen “Supernova” diskoaren aurkezpena Etxek.

Disko hau ere bere jarraitzaileen laguntzarekin gauzatu du Etxek. Etxemusika.eus egitasmoa landu eta disko guztiaren ardura berea izan da: diseinua, grabazioa, fabrikazioa, promozioa eta kontzertuak lortzea. «Autoekoizpenaren alde egin nahi dut, diskoetxe eta management bulegoetatik at, eta Etxe musika beste proiektuetarako aterpe ere izango da».

Gazteak euskal rockera erakarri nahian

«Beti izan naiz euskal musikazalea eta jarraitzailea. Badakit aurretik beste batzuk aritu zirelako gaudela gu hemen», aitortu zuen Etxek disko honetako abesti ezagunena aurkeztean. “Arma, tiro, pum!” kantu berezia da, collage bat; euskal kantuen zatiak hartu, nahastu, uztartu eta aurkeztu ditu. Zentzu bat eman dio abestiari, eta batez ere «gazteak euskal rockera engantxatu gura» dituela adierazi zuen abeslariak. Konturatuta dago oraingo gazteek euskal musika gutxi entzuten dutela, eta talde asko alboan geratzen ari direla. «Kantu honekin nabarmen utzi nahi dut euskal musikarien egoera, eta musikari guztiei nire omenaldia eskaini nahi diet». Bere ohiko apaltasuna agertzen du Etxek lan honekin ere. Gauzak ondo egiteko gogoa eta musikaren munduan jarraitzeko borroka egiteko prest. Eta argi du horretarako bidea musika eta autoekoizpena direla. Bere gitarrarekin kantuak sortu, furgoneta hartu eta bidean jarraitzeko.P.G.