Ane URKIRI
Donostia

ESKANDINAVIAKO ARMADOREEK EUSKAL ONTZIOLEN ATEA JO DUTE

Balenciaga ontziola berriki saritu dute maiatzean itsasoratu zuen «Norwegian Gannet» ontziagatik. Murueta ontziolak ere Norvegiatik jaso du azken lan eskakizuna. Hala, azken urteotan Eskandinaviarako sei proiektu egin dituzte dagoeneko Euskal Herriko ontziolek.

Beharrizan eta negozio berrietarako aukerak dauden lekuetan egon behar dugu, gure gaitasuna eta posizionamendua erakusteko». Hala mintzo da Javier Lopez de Lacalle, Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendaria, eta, horretarako, garrantzitsua deritzo azoketara bertaratzea. Aurten, bidaietako bat Norvegiara egin dute. Trondheim herrialdeko hirugarren hiri garrantzitsuenean eta Stavangeren egin dituzte geldialdiak, lehenean arrantzaren sektoreko azoka batean izan dira, eta, bigarrenean, petrolioaren ingeniaritzarekin lotutako batean. Petrolioaren sektoreko ontzi edo ekipamenduetan, baina, beherakada betean murgildurik daudela onartu du Lopez de Lacallek, eta, arrazoia ez badaki ere, horren eraginez arrantza sektoreko egituren eskaintzak areagotu direla azaldu du. «Horregatik, hain zuzen, parte hartu genuen Balenciaga, Murueta eta Zamakola ontziolekin Trondheimen egindako Norfishing azokan abuztuaren 21etik 24ra», azaldu dio GARAri Lopez de Lacallek.

Aipatu azokak arrantzan jartzen du begirada, baina, batez ere, akuikulturan, Norvegiako jatorrizko espezieak diren izokinarekin, bakailaoarekin edo halibutarekin lan egiteko. Azokan, sektorearekin zerikusia duten enpresek hartzen dute parte –Balenciaga eta Muruetak stand bana eduki zuten eta Zamakola gonbidatu bezala joan zen–. «Arrainak bizirik garraiatzeko ontzietako ingeniaritza erakusteaz gain, akuikultura sektoreko tresnak ere aurkezten dira azokan, izan robotizazioa, automatizazioa, zainketa edo neurketa telematikoak», azaldu du Lopez de Lacallek. Akuikulturak gero eta garrantzia gehiago dauka herrialde eskandinaviarretan, eta, hala, bertako armadoreen eskaintzak gero eta ohikoagoak dira gurean. Azken hiruzpalau urteotan sei proiektu eskatu dizkiete euskal ontziolei eta Lopez de Lacallek ziurtatu du Trondheimeko azokan lan aukera gehiago sortuko zirela ziurrenik.

«Izokinaren prezioa hiru edo lau aldiz biderkatu da azken urteotan eta bakailaoa ere garrantzia hartzen doa», nabarmendu du Lopez de Lacallek, egoera testuinguruan jartze aldera. Europa iparraldeko herrialdeak arrainak bizirik garraiatzeko itsasontzietan arreta jarri izanaren arrazoia hori izan liteke. «Eta jada ez dituzte ontziok garraiorako bakarrik erabili nahi, baizik eta ibilbidean zehar arraina prozesatzeko baliabideak ere nahi dituzte. Hau da, itsaskina ireki, burua moztu eta lantegietara merkaturatzeko prest iristea dute helburu», agertu du.

Norvegia, Danimarka, Suedia, Islandia edo Groenlandian hauspotu den merkatu hori oso egokia da Euskal Herrikoak bezalako tamaina ertaineko ontziolentzat. Horren erakusle izan daiteke Zumaiako Balenciaga ontziolak ostegunean jasotako saria eraiki duen azken ontziarengatik, “Norwegian Gannet”. ASSET Enpresa Finantzarioen Espainiako Elkarteak saritu du ontziola gipuzkoarra Finantza Bikaintasunaren arloan.

Itsas Foroko zuzendaria ez du harritu garaikurrak, Zumaian egindako ontziak 80 metro baino gehiagoko luzera eta puntako teknologia baititu. «Hodi batzuen bitartez arrain-haztegietako izokinak ateratzeaz gain, Norvegiatik Danimarkara garraiatzen ditu, armadoreak bertan baitauka enpresa. Bidean izokinaren merkaturatzea prestatzeko baliabideak ditu ontziak», azaldu du.

Arlo guztietan espezialista

«Euskal itsas industria ez dago inon espezializatuta, baina merkatuko hainbat arlotan da aditu», nabarmendu du Lopez de Lacallek. Hori izan daiteke euskal itsas industria egonkor mantendu izanaren arrazoia. «Egonkor eta zabalkunde eta hazkuntza prozesu etengabean da», azpimarratu du, Sestaoko Naval ontziolaren egoera salbuespentzat joz. «Egia da Naval egoera larrian dela, zailtasun izugarriekin eta hartzekodunen konkurtsoan. Enpresen kluster bat garen aldetik, Itsas Forotik beti defendatuko dugu Navalen errentagarritasuna, baina, egun dagoen egoeran, ezin dugu esku hartu», argitu du. Ildo horretan, gainontzeko ontziolen jarduera eta itsas-industriarena, bere osotasunean, aldarrikatu nahi du Lopez de Lacallek.

2017. urtea 2.850 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen ontziolak, itsas ingeniaritza eta, besteak beste, piezen fabrikazioaz arduratzen diren enpresak barne hartzen dituen sektoreak. Halaber, 14.000 lanpostu sortu ziren iaz eta aurten bi zifra horiek gainditzea espero dute. Aurreikuspena, aurten bisitatutako azoketan jaso duten pertzepziotik osatu du Itsas Foroak. Norvegiarako bidaiaz gain, Hanburgon ere izan ziren irailaren hasieran SMM erakustokian 37 enpresarekin batera, horietako 18 erakusmahai eta guzti. Eta Alemaniako hirira itzuliko dira datorren astean, oraingoan haize energiako offshore industriari eskainitako azoka batera.

Haize energiarekin, arrantzarekin, petrolio eta gas garraioarekin zein merkantzien garraioarekin lotutako ontzien merkatuak interes handia badauka ere, «egun pertsonen garraiorako ontziak ere indarra hartzen ari dira»; gurutzaontziak, alajaina. Italian, Estatu frantsesean eta Alemanian aurkitzen dira puntako ontziolak, «eta Hanburgoko azokan harremanetan jarri gara Finlandia, Alemania, Italia eta Frantziako ontzigileekin, euskal enpresa batzuk teknologia handiko makineriarekin eta itsas ekipamendu zabalarekin hornitzen baitabiltza».

Esparru txikian itsasoari lotutako enpresa asko ditugula jakinik, klusterrak jada begia jarri du 4.0 teknologian. Helburua, argia: hemendik 10-12 urtera aplikatu ahal izatea.