Idoia ERASO
Biarritz
Elkarrizketa
IMANOL EPPHERRE
DOKUMENTAL ZUZENDARIA

«Maputxearen eta euskararen arteko paralelismoa egiten dugu filmean»

Nafarroa Behereko Izpura herrikoa da Imanol Eppherre. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak bukatu berri ditu, eta gradu amaierako azken proiektu gisa «Mai da Bai (Eta ezetzik ez dago)» dokumentala egin du ikaskide zituen Eider Ballina Mondragon eta Anne Baskaranekin batera, Garabide elkartearen eskutik. Estreinaldia Biarritzeko Festibalean eginen dute etzi.

Latinoamerikara begira urtero jartzen den Biarritzeko Festibala gaur hasi eta igandean bukatuko da. Etzi, Royal aretoan, espainola nagusi duen baina euskara eta maputxea ere entzungai dituen “Mai da Bai (Eta ezetzik ez dago)” dokumentala aurkeztuko da. Bertan, Txilen egun maputxe edo mapudungun hizkuntzak bizi duen egoera kritikoa azaltzen da, baita egoerari buelta emateko abian diren dinamikak ere.

Garabide izan da proiektuaren sustatzailea. Euskararen esperientziatik abiatuta, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu gobernuz kanpoko erakundeak, eta, maputxeen Mapuzuguletaiñ elkartearekin batera, egitasmo bat abian du. Bada, bi elkarteon bitartez joan ziren dokumentalaren egileak Txilera maputxeen egoera ezagutzera. Etziko estreinaldian, bi elkarteotako ordezkariak eta hiru egileak izango dira.

Zein da maputxe edo mapudungun hizkuntzaren egoera?

Gutxi gorabehera hogei urteko biziraupena aurreikusten zaio azken arnasa hartu aitzin. Beraz, galtze arrisku larrian da, hiztun gehienak 50 urtetik gorakoak dira-eta. Garai batean euskararekin gertatu bezala, ez diete gazteei hizkuntza transmititu.

Maputxeak milioi bat inguru dira, zifra zehatzik ez den arren. Txilen daude gehienak, eta beste batzuk Argentinan. Gehienak Santiagon bizi dira, baina ez dira komunitate bateratu bat. Temuco hiria jotzen da maputxeen hiriburutzat, biztanleen kopuru handi bat maputxeak dira-eta. Hiztunen kopuruari dagokionez, ez da zifrarik.

Egoerari aurre egiteko hainbat mugimendu sortu dira.

Gazte batzuk Mapuzuguletuaiñ elkartea sortu zuten 2016an eta guk bereziki beraiek ditugu segitu, nahiz eta beste pertsona batzuk ere ezagutu. Hizkuntza ikasi eta hizkuntza batu bat sortzen ari dira, baita idazkera eta gramatika egiten ere. Bildu eta klaseak antolatzen dituzte, bereziki barnetegi linguistikoak. Hogei pertsona inguru aritzen dira, eta beste batzuek ingurutik laguntzen diete.

Maputxearen etorkizuna aski beltza izanik, nola aurkeztu duzue dokumentalean?

Etorkizuna “zientifikoki” ikusten bada, egoera oso larria da. Beraiek oso kontziente dira, eta guk dokumentalean errealitate hori erakutsi nahi izan dugu; aldiz, esperantza puntu bat eman nahi izan dugu egoera pixka bat astinduz, egiten duten esfortzu eta lan ikaragarria erakutsiz.

Bi urte soilik ditu mugimenduak, eta lortzen ari direna nabarmentzekoa da. Sortzen dituzten mugimendu txikien bitartez, lortuko dute zerbait. Hizkuntza biziarazteko, mintzatzeko esparru batzuk izatea behar-beharrezkoa da, eta horren inguruan bildu ditugu hiru esperientzia. Concepcioneko bi pertsonak ilustrazio batzuk sortzen dituzte hizkuntza intuitiboki ikasteko, eta sare sozialetan hedatzen dituzte. Gainera, hitz berriak sortzen dituzte, “mugikorra” edo “ordenagailua” esateko adibidez. Bestetik, elkarteko bi gaztek hilabetekari bat sortu dute, aurreko urtetik argitaratzen dutena.

Azkenik, bereziagoa da Santiagon ezagutu genuen Luanko rap kantariaren kasua. Gaztelera guztiz nagusi den mundu eta kultura batean hazi zen, baina, 18 urte zituenean, pentsatu zuen maputxea zela bere hizkuntza, eta ikasi beharra zuela hizkuntza horretan rapean aritu ahal izateko. Orain rap kantari oso famatua da Txilez; gazteleraz eta maputxez kantatzen du.

Nabari da euskaldunen ikuspegitik egina dagoela dokumentala.

Noski, eta nahi izan dugu izenburuan ere hori islatzea, bien lotura egiteko; “mai” maputxez “bai” da. Euskararekin paralelismoa egiten dugu, Garabidek lan egiten duelako euskararen esperientziatik hasita. Bada parte bat kooperazio linguistikoarekin lotutakoa, eta ezagutu ditugun pertsona batzuk etorri dira jada Euskal Herrira; bi herrien arteko lotura eta laguntza bada, eta islatu nahi izan dugu.

Nolakoa izan da sormen prozesua, Euskal Herriaren eta Txileren arteko lana?

Mapuzuguletuaiñ elkartekoekin hemendik harremandu ginen; hara iristean beraiekin bildu eta bigarren astetik goiti elkarrizketak antolatzen hasi ginen, bi egunero. Haiek eman zizkiguten beste kontaktu batzuekin ere bildu ginen, ikuspegi ezberdinak jasotzeko. Ane eta Eider kamerarekin aritzen ziren, eta ni soinua grabatzen eta kazetari bezala. Gero, hona itzultzean, grabatutako guztia ikusi eta editatu genuen. Gidoi bat egin ordez, lehenik irudi guztiak ikusi, eta ondoren gidoia egin genuen, logika bat atzemanez.

Behin dokumentala bukatuta, elkartekoei erakutsi al diezue?

Dokumentala igorri diegu, eta asko gustatu zaie, baina oraindik ez dute aurkezpenik antolatu. Emaitza erabilgarria izan baldin badaiteke beraientzat kontzientziazio lanerako, guretzat helburua lortuta izanen da. Hemengo izenburua euskaraz da, baina, bertan, beraiek aldatu nahi izan dute; hala “Mapudungunaren biziberritze prozesua” jarri diote, maputxez.