Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Bizkaiko bertsolaritzaren basoan, ekosistema osoa agerian

Urte osoan egiten den lanaren isla izan nahi du aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Hori dela eta, arbola sendoenak erakustearekin batera, baso osoa ere erakutsi gura du Bertsozale Elkarteak. Urriaren 6an Gernikan kanporaketekin hasi ostean, abenduaren 15ean ebatziko da Bilboko Miribillan nor den Bizkaiko txapelduna. 30 bertsolari dira guztira aurten txapelaren bila arituko direnak, eskualde guztietako enbor eta adaxka gazteak.

Basoa marraztu du Malen Amenabarrek aurtengo txapelketaren irudian. Koloretsua izango da udagoien honetako bertso aroa. Bizkaiko eskualde guztietako “flora eta fauna” batuko da urte bitik behin jokatzen den txapelketan. Etxahun Lekuek eskuratu zuen azkenengoan txapela, eta aurten ere lehian arituko da.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko buru Asier Ibaibarriagak atzo aurkezpenean nabarmendu zuenez, «plaza handia da txapelketa guretzat, arnasgunea elkarterako». «Urte osoan egiten den lanaren isla izateaz gain, harrobia lantzeko aukera ere ematen du, herritik eta herriarentzat egiten den lana da gurea», adierazi zuen Ibaibarriagak.

Ondoan zituen Jone Narbaiza elkarteko kidea eta Ana De Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria. Narbaizak nabarmendu zuenez, «txapelketa bera baso bat da, lehen begiratuan ikusten dena baino gehiago erakutsi gura dugu guk»; horregatik, bertsogintzaren ekosistema azpimarratu gura izan zuen. «Elementu batzuk ikusgarriago egon arren, bertso eskolek eta zaleek mantentzen dute ekosistema hori».

Maite Berriozabalek ere, aurtengo txapelketako mezua idatzi duen bertsozale eta gai jartzaileak, iritzi bertsua du: «Basora goazenean aurrez aurre begiratzen diogu inguruari, eta ezin izaten dugu begien aurrean daukagun dena ikusi. Alboetara begiratzeaz batera bizirik eta mugimenduan dabilen mundua sentitzen dugu». Basoaren metaforarekin jarraituta, «buruaz gora egin eta ia ia zeruaren parean basoak gorantz jarraitzen du, hazten».

Berriozabalek aurtengo txapelketarako beren beregi idatzitako berbek «txapelketak dakarren haize ufada gogorra eta indartsua» dela diote. Urri eta abendu bitartean, beraz, asteburuetan basora joateko plana egin daiteke; bost kanporaketaren ostean, hiru finalerdi –Berriz, Igorre eta Lekeitio– eta, abenduaren 15ean, finala arratsaldez Bilboko Miribillan.

Aurreko urteko zortzi finalistak berriro izango dira aurten ere lehian. Berrizko finalaurrekoan Miren Amuriza eta Xabal Galletebeitia arituko dira; Beñat Ugartetxea, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeitak, berriz, beste hiru bertsolarirekin batera Igorren egingo dute finalera berriz pasatzeko ahalegina; eta finalera nor pasatzen den jakingo den egunean, Lekeitioko finalaurrekoan, Jone Uria, Ibon Ajuria eta Etxahun Lekue ariko dira.

Eskualde guztietakoak

Enkarterrietatik Durangaldera, Santurtzitik Bilbora, Abadiñotik Lekeitiora, ezker-eskuin loratu diren gazteak izango dira txapelketa honetako protagonista nagusiak. Urteotan guztiotan hezkuntza arautuan bertsogintzak egindako lanak fruituak eman ditu, eta eskualde guztietako bertsolariak izango dira, han-hemenkako saioetan guztietan.

Uribe Kostako hamar bertsolari izango dira txapelketan, Durangaldetik dozena erdi, Lea-Artibaikoak berriz lau, eta beste horrenbeste Gernikakoak. Artzentales, Larrabetzu edo Igorrekoak ere badaude tartean.

Bizkaiko Bertsozale elkarteko kideek nabarmendu zutenez, «hizkuntza normalizazioan eragiten ari gara, eta lortu dugu Bizkaian bertsozaletasuna hedatzea. Horren isla izango da txapelketa hau ere».

Gernikako lehen saioan, Muxikako Asier Galarza, Zaldibarreko Garikoitz Sarriugarte, Algortako Imanol Uria, Trapagarango Ion Berrokal, Gernikako Julen Erezuma eta Sopelako Paule Loizaga arituko dira kantuan. Saio bakoitzeko irabazlea eta puntuetan bost onenak igaroko dira finalaurrekoetara.