Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Errusia, Txina eta Ameriketako Estatu Batuak

Vostok 2018 maniobra militar errusiarretan kezkagarriena mezua bazen, kopuruak baino gehiago, haiei Ameriketako Estatu Batuek emandako erantzunean dena da kezkagarria... erantzulearen adimenetik hasita. Testuinguru horretan kokatu behar baita errusiar Su-35 hegazkinak eta S-400 sistema antiaereoak erosteagatik Txinari zigorrak ezartzea. Eta, horregatik beragatik, ez bururik ez hankarik gabeko ateraldia da. Ez bada behintzat zazpi aste barruko hauteskundeak girotzeko egin... Are okerragoa litzateke hori, ordea: koadroa zintzilikatzeko, zutabea hondatzea.

Utz dezagun albora aldrebeskeria juridikoa (Errusiaren eta Txinaren arteko armoi buruzko hitzarmena AEBek Errusiari ezarritako CAATSA zigor ekonomikoak baino lehenagokoa da). Txinak errusiar teknologia militarra eskuratzeagatik errezelorik handiena... Errusiak berak izan behar du. Eta izan du, beti. Dozenaka adibide daude. Su-35 hegazkinak eta S-400 sistema antiaereoak Txinari saltzeari uko eginez urte asko egin ditu Errusiak; Obamaren aldiko zigorrek Putini azken bultzada eman arte. Eta errusiarren errezeloa ez dator arma horiek bere aurka erabili ahal izatetik, ez. Urruti ikusten da hori egun. Oso bestelakoa da arazoa: Txinan armek umeak egiten dituzte. Asko gainera. Jaso orduko, ingeniaritza inbertsoaren habiatik, txitak agertzen hasten dira. Apustu baietz horixe bera gertatu Su-35 hegazkinekin eta S-400 sistema antiaereoekin. Berehala. Bertsio “txinatartuak” hirugarrenei ez saltzeko konpromisoarekin konformatu beharko du Errusiak.

Oraingoz, gainera, hitza betetzeko asmotan arituko da Txina. S-400 sistema antiaereoak, eta laster habiatik agertuko diren HQ-XX haren kumeak, sortu ahala behar ditu Txinak bere hiru fronte nagusietan: Taiwan, Korea eta Hegoaldeko Itsasoa. Korapilatsuagoa izan daiteke Su-35 hegazkinena: eraikitzen ari den hegazkin-ontziak hornitzea da Beijingen lehentasuna... eta hegazkinok ez dira horretarako. Baina nork esan die estratega estatubatuarrei aurkarien arteko arrakalak josten saiatzea komeni zaiela? Hamaika ikusteko jaio gara.