Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
MADDI BARBER
ZINEGILEA

«‘Nola bizi daiteke egun Itoitzen?’ galderari erantzun nahi izan diot»

Bidaia bat proposatzen du Maddi Barberrek (Lakabe, 1988) «592 metroz goiti» filmean, behinola hondeamakinek eraldatutako Itoitz eta inguruen begirada garaikidea. Iraganaren pisua eta etorkizunera behatu beharra, aurrez aurre.

Artzibarren jaioa zara. Gertutik biziko zenuen Itoitzeko urtegiaren aurkako borroka.

Haurra nintzen 90eko hamarkadan, urtegiko lanak hasi zirenean, baina, bai, nahiko gertutik bizi izan nuen. Lakaben jaioa naiz. Gure herria ez zuen urak hartu, baina urtegitik 150 metrora dago egun, eta gurasoak oso inplikatuta zeuden borrokan. Solidarioak Itoitzekin taldeko partaide ziren eta gogoratzen naiz manifestazioetara joan izanaz, kanpaldiez, pegatinez... Gero, 16 urterekin, Iruñera joan nintzen, eta bertan nengoen herriak urpetu zituztenean. Nolabait, sentitzen dut film hau hara itzultzeko modu bat dela, zer gertatu zen ulertzera eta gaur egun bertan nola bizi gaitezkeen planteatzera.

«592 metroz goiti» izendatu duzu filma: uraren muga.

Izenburuak, nolabait, leku bat mugatzen du. Filmean parte hartzen duen basozainarekin izandako elkarrizketa batetik irten zen. 592 metro horiek heriotzaren eta bizitzaren arteko muga markatzen dutela esan zuen. Eta une horretan konturatu nintzen zifra horrek izan zuen eragin izugarriaz, hortik behera edo hortik gora zen edozein etxe, ibai, zuhaitz, harri edo animaliaren gainean. Garrantzitsua iruditu zitzaidan paper gainean jarritako zifra batek paisaian eta gizakion zein ez gizakion bizitzetan izan dezakeen eragin hori.

Ilargi abeltzaina eta Javier basozainaren begietatik jasotzen dugu Itoitz inguruko bizimodua. Ingurunearekin harremantzeko era ezberdina dute. Zergatik hautatu zenituen?

Kasualitatez, eta kidetasunagatik. Biak ezagutzen nituen aurretik, eta, ikerketa abiatzean [Antropologia Bisualeko master bukaerako lan gisa abiatu zen proiektua], paisaia esploratzen hasi nintzen, “nola bizi orain hemen” galdera buruan. Ur ertzeetan ez zebilela inor ikusi nuen, eta, behin, behi bat ikusi nuen: gizakiak ere egon behar zirela pentsatu nuen eta hala aurkitu nuen Ilargi, eta bere bidez Javier. Biak dira Artzibarren jaioak eta paisaia nola aldatu den ikusi dute, horren kontra ere borrokatu izan dira; Javier Artozkikoa da, bere etxea urpean da, eta paisaia horren aurrean segitzen du. Hori zen niri interesatzen zitzaidana: nola bizi hemen, gertatu zena gertatu zela jakinda? Nola egin aurre egunero paisaiari?

Erantzuten jakin zuten?

Ilargiren kasuan, esan zidan behien bidez hasi zela harremantzen berriro urtegiarekin, hasieran ez baitzuen ikusi ere egin nahi. Bat-batean, behientzat ur emaria ematen ziola ohartu zen, eta bere burua paisaia horren aurrera, ur ertzera joatera derrigortua ikusi zuen. Bere barnean zerbait aldatzeko beharra sentitu zuen.

Erritmo pausatua, plano sekuentzia luzeak eta elkarrizketa gutxiko filma da.

Ez da nire egiteko modua, baina uste dut bazela lan hau egiteko modua. Uda osoa eman nuen beraiekin eta bizi izandakoa transmititu nahi nuen; momentu geldiak zeuden, denborak beste erritmo bat zuen. Sentsazio horiek islatzeko egokitu egin nintzen, uste baitut proiektu bakoitzak duela egiteko modu bat.

Eta zer moduz filmatzea?

Nire ama zonaldean bizi da eta bertara joan nintzen uda pasatzera. Haiekin filmatzeaz gain, osterak egiten nituen paisaiaren irudiak hartzeko, eta filmaketa bera oso intentsua izan zen... Zu ez zoaz, adibidez, behi baten heriotza filmatzeko ideiarekin [barreak]. Gogorra izan zen, baina aldi berean ederra, azken finean Itoitzen inguruan gertatutako horretan guztian atentzioa eta zaintza jartzeak asko aberastu nauelako.

Isiltasuna, putreak, geldirik dagoen ura, hilzorian dauden animaliak... Sinbolismo handiko filma da. Hori ere bazegoen asmoen artean?

Ez nuen asmo hori, baina bada jendeak esan didan zerbait. Nik animaliak tratatu nahi nituen eurak direnagatik, ez sinbolo gisa. Sinboloak edonork aurkitzen ditu edonon, istorioak ulertzeko gure modua halakoa baita.

Erantzunak baino, galderak eta horiei erantzuten ahalegintzeko materiala ematen dizkiozu ikusleari.

Pozten naiz horrela jaso baduzu [barreak]. Ez zait gustatzen erantzunak ematea, proposatzen dudana da nirekin bidaia bat egitea; “nola bizi daiteke gaur egun hemen?” galdera nuen buruan eta erantzunik, egia esan, ez dakit badagoen ere.

Zerorrek ez diozu aurkitu?

[Isilunea] Egia esan, ez dakit. Zaila da. Esango nuke iragana ahaztu gabe orainean aukera berriak bilatuz egin daitekeela, etorkizunera begiratuz.

Suitzako Visions du Reel jaialdian estreinatu zen pelikula. Zer-nolako harrera izan zuen?

Jaialdi handi eta garrantzitsua da eta uste dut jendeari gustatu zitzaiola. Baina egia da ere lan handi asko zeudela eta agian oharkabean pasa garela. Horregatik egiten dit ilusio handia Donostian erakusteak, zonaldeko jendeak ikusiko duelako, Itoitzen gertatu zenaren eta borroka horren berri duen jendeak; elkarrizketa bat sor daitekeela uste dut. Pozik nago horregatik.